Jamen entseatuko dute taldeek goiko estazioko obrak dirauten artean

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko urr. 31a, 12:27
Abenduaren 1ean hasiko dituzte goiko estazioko obrak eta apirila bitartean, Jam aretoan entseatuko dute musika taldeek.

Udalak eta Jam aretoak adostu dute goiko estazioko obrak irauten duten bitartean taldeek Jamen entseatzea. Duela aste batzuk hasi ziren alde biak aukera hau aztertzen eta joan den asteko eguenean egin zuten bileran hartu zuten erabakia.

Gazteen antolakuntza
Goiko estazioko eraikina konpontzen abenduan hasiko dira eta bost hilabete iraungo dute lanek. Horrela, apirila bitartean Jam aretoa erabili ahal izango dute herriko musika taldeek entseguak egiteko.

Areto guztia izango dute libre erabiltzeko. "Goiko aretoa zein beheko eszenatokia, dena erabili ahal izango dute, egunero 10:00etatik 22:00etara. Muga kontzertuek jarriko dute. Kontzertua dagoenean ezingo dute aretoa erabili. Horixe  da baldintza bakarra", dio Jam aretoko kide batek. "Entseguak gazteek antolatuko dituzte. Eurek erabakiko dute zeinek, noiz eta zein ordutan entseatzen duen non. Ordu berean talde batek baino gehiagok jotzeko aukera egongo da, Jamen tokia dago horretarako eta, baina taldeen esku gelditzen da hori guztia antolatzea", jarraitu du.

Hasi dituzte lanak
Dagoeneko hasi dituzte goiko estazioko lanak. "Orain arte ez da urik egon eta ura eramateko azpiegitura jartzen hasi dira, tutuak pasatzeko bidea egiten, alegia. Eraikinarekin aurrerago hasiko dira baina lan horiek egin aurretik, ingurua txukundu eta behar diren azpiegiturak jarri behar dituzte", dio Nagore Narbaizak, Udaleko Hezkuntza teknikariak.
Eraikin eraberrituan herriko musika taldeek entseatzeko zortzi gela egongo dira, behar bezala egokituta, paretak intsonorizatuta, eta baita komunak ere. Lan horiez gain, argindarraren instalazioa ere berriztatuko dute.

Abenduaren 1erako hustu beharko dute goiko estazioa
Abenduaren 1ean hasiko dira goiko estazioko eraikina konpontzen. Ordurako bukatuta izango dituzte kanpoan egin beharreko lanak eta eraikina eraberritzen hasiko dira. Horretarako, hutsik egon behar da erakina. Egun goiko estazioan entseatzen duten taldeek, beraz, abenduaren 1a baino lehen atera beharko dituzte euren tresnak handik.
Udalak gutuna bidaliko die taldeei data hori gogoraraziz, baina ez dute gutunaren zain egon beharrik eraikina husteko. Lanak apirila arte iraungo dute, bost hilabete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak