Xaxau birusa izango da jaietako spotaren protagonista. Txosna batzordeak pasa den urteko jaietan aurkeztu zuen herritarren aurrean Xaxau birusa, "guztiok barruan dugun eta jaietan esnarazten laga behar dugun birusa".
Txosna batzordeak datozen egunetako hasiko ditu grabaketak. Asmoa da birusak herriko elkarte eta eragile ezberdinak bisitatzea jai-giroa kutsatzeko: "Grabaketak egingo ditugu herriko elkarte eta eragileekin, eta bertan ikusiko da nola birusak kutsatu egiten dituen. Ondoren, herritarrak kutsatuko ditu; hori apirilaren 30an izango da, herriko plazan", azaldu digute Txosna batzordeko kideek.
Hori horrela, deialdia egin nahi diete bergarar guztiei; apirilaren 30ean, 18:00etan, ahalik eta herritar gehien batu nahi dituzte San Martin plazan. Herritarrak Barrenkaletik plaza aldera joaten grabatuko dituzte Xaxau birusaren konpainian. Blusak janztera ere animatu nahi dituzte herritarrak.
Herrian giroa berotzen
Spota tabernariei emango diete DVD batean jaiak hasi baino pare bat aste lehenago telebistan ipini dezaten. Horrez gain, jaietako egubakoitzean, txosna egitaraua ere bideo horrekin irekiko dute.