Jai batzordeko kideek bertan parte hartzeko gonbita egin dute

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mar. 15a, 10:56
Mendekoste jaiak prestatzen dihardute eta hurrengo batzarra bihar, martxoak 16, egingo dute

Jai Batzordeak buru-belarri dihardu azken asteetan. Mendekoste jaiak hurbiltzen ari dira eta indarrak horretan jarrita dituzte: Mendekoste jaietako egitaraua antolatzeko lanean dihardute. Edurne Korta kultura teknikariaren esanetan, egitarau hori "martxo bukaerarako zehaztuta egotea komeni da", hortaz, ez zaie denbora gehiegirik geratzen azkeneko erabakiak hartu eta egitaraua ixten joateko.

Urte osoko lana

Urte osoan egiten du lan Jai Batzordeak eta normalean hilean birritan batzartzen dira, hamabostean behin, hain justu. Hala eta guztiz ere, Mendekosteak hurbildu ahala, "maiztasuna areagotu egiten da eta astero" batzen direla azaldu du Kortak. Hain justu ere, dinamika horretan dihardu Jai Batzordeak azken hilabetean, astean behin batzartzen.

Herritarren parte-hartzea

Gaur egun dozena bat lagunek osatzen dute batzordea. Kultura zinegotzi eta teknikariarekin batera, batzordean daude txosna batzordeko ordezkariak, erraldoi konpartsakoak, zezen zale elkartekoak eta inongo talderik ordezkatzen ez duten herritarrak ere bai.
Kortaren esanetan, zenbat eta herritar gehiago joan batzarretara, orduan eta aberasgarriagoak eta emankorragoak izango dira: "Ideia berri eta fresko gehiago jasoko dira, betiere, kontuan izanda helburua dela ahalik eta jai egitarau osatuena egitea".
Horrekin guztiarekin, hurrengo batzarra bihar, martxoak 16, egingo dute, 20:00etan kultura etxean eta nahi duten herritar guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete Jai batzordean parte hartzeko duten lagunek.

Aurrekontuan jaitsiera

Krisiaren eragina jaietara ere iritsiko da eta Mendekosteetako aurrekontuak murrizketa izango du. Hori horrela, Jai batzordean garbi daukate "herritarren parte-hartzean oinarritu" behar direla jaiak; hain justu ere, "herritarrek herritarrendako antolatutako ekitaldiak" izan behar dira egitarauaren oinarria, Edurne Kortaren esanetan.
Gainera, halakoek arrakasta handia izaten dute, eta horren adibide dira iazko Pazkoetan egindako koadrilen arteko herri kirolak eta rock maratoia. Lehenengoa herritar talde batek antolatu zuen eta hainbat koadrilak parte-hartzeaz gain, herritar ugari batu zen Irala kalera norgehiagoka ikustera. Rock maratoiari dagokionez, Txosna batzordeak antolatu zuen eta horrek ere jarraipen handia izan zuen. Kultura teknikariak esan duenez, aurten ere egongo da rock maratoia eta koadrilen arteko herri kirol probak egotea ere nahiko lukete.
Horrez guztiaz gain, txosnak Bideberrin jarriko dituzte, ohi bezala eta aurten ere ez dira faltako egitarauan herri bazkaria –cateringa izango da eta ez paella erraldoia, iaz bezala– umeendako jolas parkea eta hainbat dantzaldi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak