Isunak jartzen hasiko dira gaur, astelehena, TAO guneetan

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko urr. 4a, 12:41
Bi asteko egokitze epealdia eta egin gero, ordenantza zorrotz betearazten hasiko dira. Isunak izango dira 20 eurokoak; kopurua erdira jaitsiko da 20 egunen barruan ordainduta.

Udaletik jakinarazi dutenez gaur, urriak 4, bukatuko da TAOra egokitzeko jarri zuten epealdia –irailaren 20an abiarazi zuten zerbitzu berria–  eta dagoeneko zorrotz betearazten hasiko dira arautegia. Beste berba batzuekin esanda, isunak jartzen hasiko dira, orain arte ez bezala, arau-hausterik eginez gero.

Arau-haustetzat joko dira...

Arau-haustetzat hartuko dira ondorengoak: aparkatzeko denbora tartea gainditzea; tiketa ez hartzea edo ikusten den tokian ez jartzea; iruzur-asmoarekin erabiltzea elbarritu txartela –edo ikurra–, hau da, elbarritua ez den pertsona batek erabiltzea edo elbarritu txartelaren jabea ez den beste edozein pertsona garraiatzeko erabiltzea; aparkatze-aldia mugatua duen edozein gunetan aparkatzea berriz ere, ezarritako hiru orduko epea pasatu aurretik; eta manipulatutako, faltsututako edo iraungitako tiketa edo berezigarria erabiltzea.
Azkeneko arau-haustea izan ezik –hori larritzat joko da– gainerakoak arinak izango dira eta ondorioz, 20 euroko isuna ezarriko zaie. Hala eta guztiz ere, 20 egunen barruan ordainduz gero, isuna erdira jaitsiko da. Isunok ordaindu ahal izango dira tiket-makinan.

Udal arduradunak, "pozik"

Udal ordezkariak "oso pozik" daude TAO sistemaren lehen emaitzekin. "Oxirondo eta Ibargaraiko parkinetan zein erdiguneko kaleetan lekuak libre ikus daitezke, lehen ez bezala, eta bigarren lerroan lagatzen diren autoen kopurua ere nabarmen jaitsi da", dio Alfonso Alonso udaltzainburuak; eta gehitu du: "Oraingoz eraginkorra dirudi sistemak, hala ere, benetako emaitzak ikusteko bi hil behintzat beharko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak