Istorio garratzak amodiozko gutun irabazleetan

Arritxu Barruso 2009ko ots. 14a, 18:29
Jardun elkarteak, aurten ere, San Valentin eguna aukeratu du Amodiozko Gutunen Lehiaketako sari banaketa egiteko. Maiteminduen eguna izanda, maiteminduen hitzak entzuteko aukera izan zen zapatu goizean Bergarako kultura etxean.

Irabazleek, saria jasotzeko taula gainera igo ahala, idatzitako gutunak irakurri zituzten. Gaiak desberdinak, baita eskenatokiak ere, baina, gaia berbera guztietan ere: maitasunak gure barrenean sortzen dituen gorabeherak eta, askotan, saminak. Izan ere, lau gutun irabazleek istorio garratzak kontatzen dituzte; maite duten pertsonaren alboan egon ezinak sortzen duen mina irudikatzen dute hiruek ere. 


Sari nagusia Imanol Sorondo hernaniarrak eroan du; gutunaren protagonistak azkenean ere onartu egin behar izan du maite duen pertsonarekin izandako amodiozko istorioa amaitu egin dela. Bigarren saria, berriz, Ordizioara joan da Leire Mendizabalen eskutik.


26 urtetik beherako gutun irabazlea entzutean begirada goibela sumatu zitekeen kultura etxean elkartutakoen artean. Minbizia du hizpide Nagore Gonzalez legazpiarraren idatziak. Koma egoeran dagoen emazteari gutuna idazten dio Unaik eta euren semearen inguruko gorabeherak  kontatzen dizkio. Sentimenduz betetako istorio gazi-goxoa.  


Bergararrendako ere egon da saririk; Uxue Agirre eta Elene Etxanizek idatzitako lanarendako, hain justu. Gaia, atxilotuta kartzelara eroan duten senarraren falta.
SMS bidezko mezurik onena, bestetik, Ibon Segura eskoriatzarrak idatzitako izan da: Zure begiek hitz egitn dutnean, nire ezpaink ezin dute hitzik asmatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak