Iratzarrik Aralarren aldeko bozka eskatu du

Txomin Madina Milikua 2008ko martxoaren 4a

Gazteei datozen domekan bozkatzeko deialdia egin nahi izan zieten atzo bergaran egindako ekitaldian. Azpimarratu zuten Euskal Herriko eskubideak defendatzeko beharrezkoa dela Marilen ordezkaritza izatea.


Gaur egungo gazteria gero eta indibidualistagoa dela diotenen aurrean, lanerako gogoz eta ilusioz betetako gazteria badagoela azpimarratu nahi izan zuen Iratzarrik atzo Bergaran egindako agerraldian.

Gaineratu zuten Iratzarriko gazteek euskal herritarren etorkizuna euskal herritarrek erabakitzea nahi dutela; eta ezkerretik egindako herria eta lanerako aukera izango duen herria aldarrikatu zuten.

Euskal gazteriari hauteskunde hauetan parte hartzeko deialdia luzatu zieten. Eskubide indibidualak eta kolektiboak, lan politikak, kartzela politika eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea bezalako gaiei ezkerreko ikuspegia emateko, Aralarren aldeko bozka eskatu zuten Iratzarrikoek.

Aralarrek sentsibilitate ezberdinei leku egiten diela gaineratu zuten. Era berean, Madrileko Diputatuen Kongresuan ordezkaritza lortzeak duen garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuten. Izan ere, adierazi zutenez, Euskal Herriari eragiten dieten hainbat erabaki Madrilen hartzen dira.

Posta elektronikoa

Aralarren aldeko bozka eskatzeaz gain, ibarreko gazteek  Iratzarrirekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa ere aurkeztu zuten atzo, debagoiena@iratzarri.org hain zuzen ere.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak