2006ko abenduan hasi zituzten aipatutako lanak, baina eten egin behar izan zituzten iazko apirilean, Ozio enpresak uko-agiria aurkeztu zuelako. Harrezkero, uda ostean berriro atzeratu zituzten, urriaren 7an Kilometroak jaia zetorrelako. Eta azkenik dendariek Gabonen osterako lanak atzeratzea eskatu zuten, Gabonetan behinik behin kalea txukun samar izateko.
Zazpi hilabeteko lanak
Aretxabaletako Amaral de Sousa enpresa arduratuko da lanak egiteaz, BEB Arkitektoak enpresak egindako proiektuari jarraituta. Lehen faseko lanak abuzturako amaituta egotea aurreikusten da. Aurrekontua 1.379.220 eurokoa da.
Lehen fase honetan, Usoa tabernako kantoitik Gaspar jatetxera bitartean urbanizazio lanak egingo dituzte. Bigarren fasean Irizar jauregiko lorategian lanak egitea aurreikusten da eta hirugarren fase baterako Usoa eta Euxebio II tabernetako terraza geratuko litzateke.