Irala kaleko lanak, azken txanpan

Edu Mendibil 2008ko abu. 31a, 21:36
2007ko urtarrilean hasitako Irala kaleko urbanizazio lanak amaitzear daude. Hainbat etenaldi izan dituzte lanok eta egunotan azken ukituak egiten ari dira Amaral enpresako langileak, lanak egubakoitzerako bukatu ahal izateko.

Jo eta ke ari dira egunotan Amaral enpresako langileak, Bergarako Irala kaleko urbanizazio lanei azken ukituak ematen. Lanak egubakoitzerako, irailaren 5erako amaitzea da asmoa. Hala adierazi digu Francisco Amaral enpresako arduradunak: "Epe barruan gabiltza eta gauzak ondo badoaz aste honetan bertan bukatuko ditugu lanok". Egunotan 30 langile inguruk dihardute. Abuztu osoan izan dira lanean Amaraleko langileak eta zapatuan ere egun osoz jardun zuten.

Hiri tresneria

Abuztuko oporretatik bueltan herritarrek Irala kaleko itxura berriarekin egin dute topo. Izan ere, lanak aurtengo urtarrilean berriro martxan jarri bazituzten ere, abuztuan jarri dituzte elementu apaingarriak, zeresan ugari eman dutenak. Deigarriena, beharbada, jarritako farola altuak dira (Hernandez modeloa, 9 metroko altuera dutenak); horrelako zortzi jarri dituzte. Era berean, beste sei farola txikiagoak (Alura) jardineren ondoan doaz eta beste lau galaktiko (Nemo), elkarren ondoan plazatxoan jarri dituzte. Plazaren erdian, Tower izenekoak proiektoreak ditu, egun berezietan piztuko direnak bakarrik. Azkenik, Telefonicako aldapan Thylia modeloko beste hiru egongo dira.

Farolak eta arbolak

Farolak ez ezik, arbolak ere ez dira faltako Irala kale berrituan. Orain arte espaloia izan den tokian 20 zuhaitz jarriko dituzte, Photinia-k (hosto iraunkorrekoak) eta Prunus-ak (hosto erorkorrak). Jardineretan, berriz, palmerak eta bestelako loreak aurreikusten dira eta Ormazabal Hotelaren parean beste bost zuhaitz, Albizia-k. Azkenik, lehengo Gasparreko garajeak ziren tokian egindako lokal berrien aurrean Quercus motako hiru zuhaitz landatuko dituzte. Aipatutako eraikin berriak hiru lokal komertzial jasoko ditu etorkizunean. BEB Arkitektoak SL-k egin du Irala kaleko proiektua eta lanek 1.379.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Iralako hainbat dendari haserre daude denbora guzti honetan lanek sor dizkieten traba eta kalteengatik.

Txinatik ekarritako granitoa

Irala kaleko berezitasunen artean, Txinatik ekarritako harria dago. Bost harri mota daude kale osoan: granito galiziarra, galtzadarria (erromanikoa zein gorria), kareharria eta Txinako granitoa. Harri estimatua omen da Txinakoa: joan den aste bukaeran ezezagun batzuek lau pale lapurtu zituzten (50 m2 inguru). Alacanteko biltegi batera jo behar izan dute lapurtutakoa ordezkatzeko. Lanak, esan bezala, aste honetan bertan amaituko dituzte. Oraingoz ez dago aurreikusita inolako ekitaldi berezirik. Edozein modutan, San Martineko danborradan Irala kaleak protagonismo berezia izango du. Bertan dagoen Zuloa elkarteak 25. urteurrena ospatzen du aurten eta elkarteko martxa joko dute danbor-joleek Zuloa parean, San Martin bezperan. Danbor hotsak Irala kalearen itxura berria ospatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak