Auzoaren arazoetako bat da aparkatzeko leku falta eta baita ere errepidearen beraren estutasunak eragiten dituen eragozpenak, batez ere, autoak bigarren ilaran utzitakoan. Martoko Zubiaurre auzoak, horrela, beste arnasbide bat irabaziko du, mugikortasuna hobetuta. Auzotarren aspaldiko eskaera eta beharretako bat aseko litzateke horrela.
Udazkenerako gertu
Epeez berba eginda, lanak, printzipioz, uztailean adjudikatuko ditu Udalak eta irailean dira astekoak. Obrak berak interbentzio gutxi eskatzen duenez, Agurne Barruso alkateak berak bi-hiru hilabeteko epea aurreikusten du. Lurrak mugitzea eta hegala atzeratzea izango dira lanen zatirik garrantzitsuenak eta, horrela, "obra motza" bezala ikusten du alkateak, "hilabete gutxitan" egitekoa. Hain zuzen, proiektu teknikoa Xabier Yeregui arkitektoak diseinatu du eta Udaleko bulego teknikoan ikusgai dago txostena.
Ezaugarriak
Lanek 91.815 euroko aurrekontua izango dute eta errepidearen alde baten aparkaleku banda bat egingo da, baterian, 27 bat plazarekin. Plazetako bat mugikortasun zailtasunak dituztenendako gordeko da. Obra guztiak ia 1.000 metro koadroko zabalera hartuko du, aparkatzeko gunea bera eta mendi magalari jandako eremua eta berau eusteko erabiliko den lubeta kontuan hartuta.
Lurrak mugitzea
Lanak egingo diren lur horiek gaur egun errepidearekiko bi metro eta erditik gorako altueran daude eta aparkalekuak ere maila horretan egongo dira. Horrenbestez, errepidea eta aparkalekua bereizteko areka bat egingo da eta jasotzen diren urak ere handik bideratuko dira.
Amaitzeko, lurren mugitzeei dagokienez, harri-lubeta bat eraikiko da mendi-hegala eusteko eta esan moduan, mendi hegalari berari zati bat janda lortuko da aparkalekuak egiteko espazio gehiago. Aparkatzeko plazak errepidearekin muga egiten egongo dira guztiak lerroan.