Datorren astelehenean, irailak 22, hasiko dituzte San Pedro kalea urbanizatzeko lanak. Artekalen eta Goenkalen egin duten moduan, galtzadarriak ere jarriko dituzte San Pedro kalean.
Hiru hilabete
Agurne Barruso alkateak aurreratu du obrek hiru hilabete iraungo dutela eta Leturia harategian dagoen aldetik hasiko dituztela lanak. "Joan den astean bilera egin genuen San Pedro kaleko bizilagunekin eta dendariekin, lanen berri emateko eta euren galderak erantzuteko", dio alkateak.
San Pedro kaleko lanak Egaralur eta LSG Elkektrizitatea enpresek egingo dute elkarlanean. Egaralurreko Kepa Lasa aparejadorearen esanetan, datorren astean Udal ordezkariekin dute bilera, "zailtasun nagusiak zeintzuk diren ikusteko. Akometidak ikusi behar ditugu eta obrak irauten duten bitartean behin behineko zerbitzuak nola jarri erabaki". Agurne Barruso alkateak aurreratu du Artekalen baino material gehiago sartuko dutela galtzadarrien azpian, "Artekaleko sendoera bikoitza izango du San Pedroko lur zoruak, pisua hobeto jasateko".
aurrekontua
San Pedro kaleko lur azpiko azpiegitura, akometida, berritu eta eguneratuko dute. Galtzadarria ere jarriko dute oinezkoendako eta ibilgailuendako. Lan horiek 644.785,76 euroko aurrekontua dute.