Interes handia agertu dute herritarrek Seminarioko lanetan

Errege Seminarioko indusketa lanak aurrera doaz eta azken aurkikuntzen berri emateko bisita gidatua egin zuten zapatu goizean. 30en bat lagun elkartu ziren eta adi-adi jarraitu zituzten Jesus Manuel Perez arkeologia lanen arduradunak emandako azalpenak.

Andres de Madariagaren hilobia hutsik aurkitzeak ez dio interesa eta garrantzia kendu Seminarioan egindako aurkikuntzei: "Hilobia bakarrik ez, eliza guztia da Madariagak bere omenez egin zuen mausoleoa", zioen Perezek.

Bisitariek interes handia agertu zuten Madariaga bergararrarengan, askorendako erabat ezezaguna: "Antzuolako jatorria zeukan gizon honek indar eta botere handia izan zuen; pentsa, Ameriketatik Europarantz zetorren zilar guztiaren kontrola zeukan". Eta arkeologoak berretsi zuen Gipuzkoak eta gipuzkoarrek garrantzi handia izan zutelako sasoi hartan. Bisitari batek Domingo Martinez de Irala antzuolarrarekin zerikusiren bat izan ote zuen jakin gura izan zuen, baina gidariak ez zuen jakin erantzuten. Bisitariak pozik azaldu ziren jasotako azalpenekin: "Oso interesgarriak dira herritarrondako, kultura arloan janzteko aukera dugulako".

Udalak apustu handia egin duela dio Jesus Manuel Perezek Seminarioko ikerketa lanen alde egiterakoan eta aditu talde handiaren lana bateratu dute proiektua garatzeko. Orain Peru aldean jarraituko dute dokumentazio lanekin, Madariagaren heriotza data eta testamentuaren berri izateko. Proiektua abuztu inguruan bukatuko dute eta gero lan guztia ikus-entzunezkoan jasota geratuko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.