Instalazioen gaineko kezka azaldu du Bergara kirol elkarteak

Mireia Bikuña 2007ko uztailaren 7a

Denboraldi amaierako batzarra aprobetxatu zuen Bergara kirol elkarteak, herrian dauden kirol instalazioen inguruko hausnarketa egiteko. " Alebin mailako futbol taldeak etxetik kanpo jokatu behar du. Mariaren Lagundian jokatzen diren saskibaloi partiduak ez ditu begi onez ikusten Federazioak, eta, Labegaraietan ere egoera nahiko eskasa dago", esan digu Juanje Alberdik.

Edozelan ere, instalazioen inguruko kezka azaltzeaz gain, datorren urterako asmoak ere azaldu zituen Bergara kirol elkarteak. Hala, elkarteak dituen sail guztietan, futbolean, eskubaloian, saskibaloian eta pilotan, ez dira bazkide kuotak igoko. "Diru aldetik ez gabiltza ondo, baina kuotak ez ditugu igoko. Eta hori, eskubaloi taldeak, Euskadiko txapelketa jokatzeko, 10.000 euroko aurrekontua behar duela", azaldu zuten.

Bergarako jokalariak

Halaber, erregional mailako futbol taldeak, 2006/2007 denboraldian egindako lan kaskarra ikusita, entrenatzaile berria izango du, Manu Diaz. Denboraldi berritako "Bergarako jokalariekin" egingo dute taldea.

Balorazioa

Bergara kirol elkarteko sail bakoitzak urteko balorazioa egin zuen. Hala, eskubaloi sailak, bereziki Euskadiko txapelketa jokatzeko lortutako igoera azpimarratu zuen.
Harrobiko futbol taldeek, urte ona egin dute; gazte mailako mutilek, kopa txapelketa irabazi dute, eta, nesken taldea, Gipuzkoako txapelduna izan da, eta Euskadiko azpi txapelduna.
Pilota sailako arduradunak ere pozik zeuden pilotariek egindako lanarekin: bi txapelketa irabazi dituzte, eta, bost final jokatu dituzte.
Azkenik, saskibaloi taldeen artean, bereziki, senior mailako taldeak egindako lana azpimarratu zuten egubakoitzeko bileran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak