Sasoi betean dago nagusien danborrada. Batik bat azkeneko bi urteetan partehartzea gehitu egin da: duela bi urte Barrika joleak emakume konpainia sortu zen; iaz, Herriko danbor-joleak eta aurten, Talde gaztea.
Guztira 234 lagunek hartuko dute parte eta bederatzi konpainia egongo dira: Zuloa, Barrika joleak, Urdiñak, San Joxepe, Aritzeta, Herriko danbor joleak, Artatse, Sustar berri eta Talde gaztea.
Inkorporazio berriak egongo diren arren, hutsuneak ere nabarituko dira, izan ere, aurten ez da sukaldaririk egongo. Lasai Toki elkartekoek izan dute orain arte ardura hori, eta aurten ez dute lortu boluntario nahikorik.
Ohiko bidetik
Gaur, martitzena, abiatuko da danborrada, 22:30ean kultura etxe ondotik eta ohi bezala bi banderadun joango dira buruan. Bi banderadunok zaldi gainean joango dira eta Ikurrina eta Bergarako bandera eramango dituzte. Atzean Zuloa eta Barrika joleak konpainiak joango dira, hurrenez hurren eta horien atzean, Udal Musika Banda. Danborrada bitartean musika bandak joko ditu San Martingo martxa eta Pertxa eta Lasai Toki elkarteetako martxak.
Musika Bandaren atzetik joango dira gainerako konpainiak, oinezko bi edo hiru banderadun aurrean dituztela, eta formazioa ixten, San Martinen heriotzaren irudikapeneko karroza joango da. Irudikapenaz arduratuko dira Gabero abesbatzako kideak.
Honako ibilbidea egingo du danborradak: Arrizuriaga, Masterreka, Bideberri, Fraiskozuri, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar, Barrenkalea, San Martin plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekalea, Arruriaga, Barrenkalea eta San Martin plaza.
San Martin plazara iristean, banderadunek kulunkatu egingo dituzte banderak udaletxeko balkoian, konpainiek formatu egingo dute eta bandak Nagasaki obra jotzen duen bitartean San Martin hil egingo dute gurutzean.
Eguaztenean, umeena
Umeen danborrada eguaztenean abiatuko da, 18:30ean eta 220 bat haurrek hartuko dute parte. Aurten herriko danbor jolez osatutako hiru talde osatu dituzte. Horrez gain, ohi bezala herriko ikastetxeetako haurrek ere hartuko dute parte. Amaieran partehartzaileendako txokolatea egongo da, plazan.