Inkomunikazioak eta legedia antiterroristak eragiten duen eskubide urratzea salatu du Udalbatzak

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko urriaren 26a

Udalbatzak mozioa onartu zuen atzo iluntzean ohiko osoko bilkuran, urriaren 22ko polizia operazioaren harira. Operazio hartan 14 gazte atxilotu zituzten eta baita Bergaran 2 etxebizitza miatu ere. Atzo onartutako mozioan gazteen egoerarekiko kezka erakusten du Udalbatzak, besteak beste, eta baita familiakoei elkartasuna adierazi ere. Osoko bilkuran herritar ugari batu zen.

Udal Gobernuaren eta EAren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrakoekin egin zuen aurrera Gazte Independentistek aurkeztutako mozioak. Aipatzekoa da, herritar ugari batu zirela osoko bilkuren aretoan.

segi manifa bergaran

Mozioarekin Udalbatzak "elkartasun osoa helarazi nahi die egunotan atxilotu dituzten zein operazio polizialean jomuga izan diren gazte guztiei eta euren senide eta lagunei". Era berean, "inkomunikazio erregimenak eta legeria antiterroristak eragiten duten eskubideen urraketa" salatu du. Horrekin batera, gazteok "berehala aska ditzatela exijitzen" dute eta salatu egiten du "Espainiar Estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboa".

Horrez guztiaren aurrean Udalbatzak dio ez dagoela "egoera hori onartzeko eta etsitzeko prest" eta horrexegatik, "gatazka horri irtenbide demokratikoa bilatzeko konpromisoa" berretsi zuten atzo.

Osoko bilkura bukatu eta gero, manifestazioa egin zuten hainbat herritarrek eta baita hainbat Udal ordezkarik ere.

Gate Independentistek beste manifestazio bat deitu dute eguaztenerako. 19:00etan abiatuko da San Martin plazatik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak