Industrias Linacisororen "kalte-ordain negargarriak" salatu dituzte sindikatuek

Leire Kortabarria 2009ko urriaren 8a

Industrias Linacisoro enpresaren jarrera "publikoki salatzeko" esku-orriak banatu dituzte ELA eta UGT sindikatuek. "Zuzendaritzak, enpresaren itxiera erabaki ostean, gelditzen diren azken langileak kalte-ordain negargarriekin kaleratu nahi ditu", esaten dute.

Azaroaz geroztik, enplegu erregulazio espediente (ERE) egoeran zegoen lantegia; martxoan, lege konkurtsalaren babesa eskatu zuen enpresak, eta, sindikatuen esanetan, asmoa zen enpresa likidatzea, nahiz eta oraindik ekonomikoki bideragarria izan.

"Porrota eragin dute"

Orain, ELAk eta UGTk salatzen dute "azken sei hilabeteetan enpresako ugazabek beraien eskuetan zegoen guztia egin dute enpresaren porrot ekonomikoa probokatzeko". "Eta baita lortu ere", jarraitzen dute. "Izatez, uztailean epaitegiak Industrias Linacisoro enpresa epe motzean ordainketak egiteko diru faltan zegoela onartu zuen". 

Sindikatuon iritziz, "gaitzesgarriena zera da: orain, ugazabek enpresan gelditzen diren azken langileak kalte-ordain negargarriekin kaleratu nahi dituztela: 20 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin".

Enpresako zuzendaritzarekin kontaktuan jarrita, esan dute ez dutela adierazpenik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak