Familia enpresa da Linacisoro, aurten 50 urte beteko duena. Kalibratutako altzairua egiten dute (45.000 tona inguruko produkzioa orain arte) eta 1990eko hamarkadan nazioarte mailako ISO 9000 ziurtagiria eskuratu zuten. Gaur egun 26 langile dira lanean, beste bost errelebo kontratuan daudelarik. Esan bezala, lan erregulazioan daude langileak azarotik, bi taldetan banatuta, astebeteko lanaldia eta beste astebeteko geldialdia txandakatuz. Langileek martxoaren 11n jaso zuten lege konkurtsalaren berri.
ELA eta UGT sindikatuek ordezkari bana daukate enpresa batzordean. Zera adierazi digute: "Hamabostean behin bilerak izan ditugu zuzendaritzarekin eta orain arte ez digute halako planteamendurik egin. Martxoaren 6an aurkeztu zuten lantegia lege konkurtsalera eta guri martxoaren 11n eman ziguten erabakiaren berri. Ez dugu aukerarik izan alternatibarik planteatzeko eta, egia esateko, susmo txarra hartzen diogu guzti honi". Langileen ordezkariak zuzendaritzarekin elkartzeko zain dira hilaren 11tik. Bien bitartean, langileek bilera egin zuten martitzenean eta ikuspuntu ezberdinak daudela ikusi zen han.
Epailearen erabakiaren zain
Orain epaileak izendatu beharko ditu enpresaren egoera eta etorkizuna aztertuko duten administratzaileak. Industrias Linacisoroko zuzendaritzarekin harremanetan jarrita, zera adierazi digute: epaileak erabakia eman arte ez dutela inolako adierazpenik egingo.