Independentziaren aldeko bertso saioa frontoian

Irati Agirreazaldegi 2008ko ots. 24a, 22:09
Ezker abertzalearen deiari erantzunez eta Independentzia lelopean Bergarako pilotalekuan bertso saioa izan da domeka arratsaldean.

Onintza Enbeitaren esanetara Xabier Silveira, Sustrai Colina, Arkaitz Estiballes, Beñat Gaztelumendi, Iratxe Ibarra eta Oihane Perea bertsolariek domekan. Hauteskundeen gaineko aipamenik ez zen falta izan saioan. Izan ere, hauteskunde mahaian egotea egokitu zitzaien Gaztelumendiri eta Ibarrari; Iparraldean bozkatzea Colinari eta hauteskunde osteko kronika egitea Gaztelumendiri Silveirarekin.

Gainontzean, maitasun kontuen gainean jardutea, AHTren lehen bidaian topo egitea, parranda ostean komisarian esnatzea, saioa pelikula batekin parekatzea zein telefonoz jardutea ere eskatu zien besteak beste Onintza Enbeitak bertsolariei. Hala ere, nabaria da hauteskunde kanpainan gaudela, hauen aipamenak zuzenean zein zeharka ekinaldi gehienetan entzun baitzituzten frontoian elkartu zirenek.

 

Abstentzio eskaera

Saioaren amaiera aldera Agurne Barruso Bergarako alkateak hartu zuen hitza  taula gainera igo eta martxoaren 9ko hauteskundeetarako abstentzioaren aldeko aldarria egin zuen. “Inoiz baino ageriago geratu da Euskal Herrian bi proiektu politikoren arteko talka bizi dugula: Espainiaren proiektuaren eta Euskal Herriaren eskubideen aldeko proiektuaren arteko talka. Hain zuzen hori da hauteskunde hauetan jokoan dagoena. Euskal Herriaren eskubideak aitortuko eta bermatuko dituen marko demokratikoa eraikitzea edo Euskal Herria Espainiako konstituzioaren kaiolan mantenduz zapalkuntzan eta ukazioan oinarritutako egungo markoan jarraitzea. Ez dago erdibiderik eta gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da Espainiaren aurrean herri gisa agertzea eta plantoa egitea. Abstentzioa da horretarako bidea. Herri honekin dugun konpromiso eta erantzukizun politikoarengatik egin dugu abstentzio aktiborako hautua. Herri interesei eta beharrei begiratuta; eta gezurretan ari dira gure ahuldadeak bultzatuta planteatu dugula diotenak. Gezurretan ari dira eta badakite”.

Gaineratu zuen "independentzia da herri honen biziraupena eta garapena berma dezakeen proiektu politiko bakarra eta hori da gure hautua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak