Ermita barruko hormak konpontzea izan da zeregin nagusia, izan ere, egoera kaskarrean zeuden. Baina lanean hasita, ezustea izan zuten, azpian harri ona zegoela konturatu zirelako. Hori horrela, harria bistaratu eta landu egin dute. Hormez gain, aldareak ere tratatu eta zaharberritu dituzte, baita santuen irudiak ere.
Apirilean hasi ziren lanean eta Joxe Gabilondo auzo alkateak esan digu oraindik egitekoa badagoela, baina garbi dagoena da aldaketak nabari direla eta ermitak itxura berria erakusten duela.
Eskulan guztia auzotarrek eta musu-truk egin dutenez, aurrekontua merkeagoa izan da. Asier Gabilondo auzotarraren esanetan, 6.000 euro inguru gastatu dituzte eta eliztarren diruarekin ordaindu dute.