Iñaki Alberdiren erakusketa Bartzelonan

Edu Mendibil 2007ko apirilaren 4a

Iñaki Alberdi "K.kino" artista bergararrak margo erakusketa zabaldu berri du Bartzelonako La Agradecida kultura elkartean (Astúries, 85). "Zen bat zen II" izenburupean, 11 koadro jarri ditu ikusgai, apirilaren 24ra bitartean.

Bartzelonako Gracia auzoan 20 urte pasatxo daramate Iñaki Alberdi bergararrak eta Esmeralda Gonzalez arrasatearrak. Auzoko beste hainbat lagunekin batera, La Agradecida sortu berri dute. Argazkilariak, pintoreak, diseinugileak, grafiti egileak eta beste hainbat artista biltzen dira bertan. Bartzelona eta Euskal Herriaren arteko zubi lana egiteko asmoz, euskal margolaritzaren gaineko zikloari ekin diote orain. Esmeralda Gonzalez da aretoko arduraduna. Alberdik berak adierazi digunez, iaz Sabadelleko Impaktes visuals galerian egindako erakusketaren jarraipena da Gracian zabaldutakoa. Gabonetatik hona egindako koadroak dira: marinak, loreen ilustrazio antzekoak eta natura hilak. "Lekeitxio", "Hezur loreak" edo "Azken baporak" izenburuko akrilikoak dira, 80x1 m neurrikoak gehienak. Arte ulergarria Egueneko inaugurazioan lagun eta ezagun mordoa elkartu zen. Alberdi pozik dago erakusketarekin: ehungintzako estanpazioak egiten ibilitakoa da eta ingurukoek animatuta, azken hiru urteetan serioago heldu dio berriz ere pintatzeari. Publiko zabal bati zuzendutako pintura defendatzen du: “Edozein ikusleren arreta bereganatzea da nire asmoa. Ez dut erakusketa hau adituei zuzentzerik nahi izan. Abstrakziotik eta eliteengandik ihesi, soiltasunez eta apaltasunez, adin ezberdineko ikusleei gauzak erraz azaltzea bilatu dut”. Era berean, etorkizunean, bere jaioterrian, Bergaran, erakusketaren bat egin nahi duela diosku

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak