Ikasleak pozik itzuli dira Andoaindik

Monika Belastegi Aranzabal 2010eko otsailaren 15a

Musika Eskolako 34 ikaslek hartu zuten parte Andoaingo piano jaialdian. Lukurrezko domina eskuratu zuten.

Musika eskolako piano ikasleak pozik itzuli dira Andoainen egindako lanarekin. Otsailaren 6an eta 7an jokatutako piano jaialdian jardun zuten eta euren lana erakusketarekin batera, beste musika eskola batzuetako ikasleena ere bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.
Hain justu ere, Bergarako eskolako 34 ikaslek hartu zuten parte jaialdian; hiru mailatan aritu ziren eta bakarka zein lau eskutara modalitateetan jardun zuten.

Etxera dominarekin

Egindako lan onarengatik urrezko domina jaso zuten lau ikaslek. Hori horrela, Iñigo Azkaratek eta Josu Berastegik lau eskutara egindako lanarengatik eta Naroa Inzak eta Leire Ugartek bakarka egindakoagatik, urrezko domina eta diploma eroan zuten etxera.
Horrez gain, beste 22 ikaslek zilarrezko domina eta diploma ere eroan zuten etxera eta beste zortzik, brontzezko domina eta diploma eskuratu zuten.
Musika eskolako arduradunek, lehiaketako emaitza onak azpimarratzearekin batera, lehiaketak ikasleendako duen alderdi motibagarria azpimarratu dute. Baita ere beste eskola batzuetako ikasleekin harremana egiteko ematen duen aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak