Igerilekuetan ere emango du zerbitzua udan Udal Liburutegiak

Eneko Azkarate Laspiur 2008ko ekainaren 30a

Udal liburutegiak igerilekuetan emango du zerbitzua uztail eta abuztuan. Hala, Errotalde kultura etxean ez ezik, Agorrosinen ere irakurri ahal izango dira liburuak. Ez hori bakarrik, kultura etxeak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk ere, DVD, liburu edo musika diskoen mailegua, esaterako, eskainiko dira Agorrosingo igerilekuetan ere. 15:00etatik 17:00etara emango du zerbitzua Udal liburutegiak Agorrosingo igerilekuetako berdegunean eta 300 bat liburu egongo dira.

Uztailean 08:30etik 20:30era, 12 orduz jarraian, izango da zabalik liburutegia Errotalden, eta Agorrosinen, 15:00etatik 17:00etara. Abuztuan, ostera, goizez egongo da zabalik Errotalden, 08:30etik 20:30era, eta Agorrosinen, 15:00etatik 17:00etara. Zerbitzua emateko, liburutegiko langileez gain, Xipizaro ludotekako beste begirale bat izango da igerilekuetan uztailaren 14tik aurrera.

Zerbitzu osatua

"Liburuaren egunean-eta San Martin plazara irteten garen moduan, udan igerilekuetara joango gara, jendea dagoen tokira, zerbitzu hobea emate aldera", dio Mila Agirrezabal Udal Liburutegiko arduradunak. Uda sasoian jende gutxiago ibiltzen da liburutegian eta, bestalde, ordutegia ere murritzagoa da; hala, zerbitzua osatzeko, arratsaldez igerilekuetan egongo da liburutegia.

Berdegunean, iturriaren ondoan, jarriko dituzte liburuok. Horretarako, apalategi, erakustoki eta mahaiak jarriko dituzte, eta baita ordenagailua ere, maileguak egiteko. "Hasiera batean, 300 bat liburu jarriko ditugu, eta gero, behar baldin bada, joango gara osatzen", dio Agirrezabalek. Jende gaztearendako, batik bat, baina baita helduendako ere egongo dira liburuak, propio aukeratutakoak.
 

Taberna ere bai

Agorrosingo igerilekuetan kanpoko berdegunea astelehenetik zabalik dago. Liburutegi zerbitzuaz gain, aurten taberna ere jarriko dute, edariak, kafea eta litxarreriak saltzeko. Izozkien kioskoa jartzen duten ondoan egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak