Ibargaraiko aparkalekuen eskaera epea zabalik dago

Jasone Zabala 2008ko maiatzaren 20a

Ibargarai kaleko 17. zenbakian, Sukia enpresak egin duen etxe-blokearen azpian dauden 56 garaje salduko ditu Udalak, gune horretan dagoen aparkaleku eskasiak sortutako arazoa konpondu nahian.

Aparkalekuen prezioa

Aparkaleku-plazak, irekiak eta bi tamaina ezberdinetakoak dira. Horrela, aparkaleku mota bakoitzari salmenta prezio bat jarri diote: bi garajek, 20.000 euro balioko du bakoitzak, eta beste guztiek, 15.000 euro. 56 garajetako bi, gutxituendako egokituta daude. Aparkaleku-plaza saltzeko, zozketa bidez egingo dute, lortzeko eskaera egin duten herritarren artean.

Bete beharreko baldintzak

Aparkalekuen zozketan parte hartu nahi duenak ondorengo baldintzak bete beharko ditu:

  • Bergaran erroldatua egotea
  • turismo erako autoaren jabe izatea eta hura gordetzeko, Bergaran aparkaleku-plazaren jabetza ez izatea
  • ibilgailuen zirkulazioaren gaineko zerga ordainduta izatea
  • herriko zergen eta udal zigorren ordainketetan egunean egotea.

Gutxituendako egokituta daude bi aparkalekuen zozketan parte hartzeko, berriz, ondorengo baldintzak betetzea eskatzen da:

  • elbarriak berak erabiltzea ibilgailua joan-etorrietarako
  • 7ko balorazioa edo altuagoa izatea.
Baldintza horiek betetzen dituen elbarriturik egon ezean, bi aparkaleku plaza horiek besteekin batera zozketatuko dira. Bizikidetza-unitate bakoitzeko aparkaleku bat baino gehiago ezingo da erosi. Zozketarako aurkezten direnek, 1.800 euroko fidantza ezarri beharko dute. Kontratazioari buruzko espedientea, bai eta sotoaren planoak eta finken deskribapenak ere, Bergarako Udaleko Bulego Teknikoan aztertu ahal izango dira, 09:00etatik 14:00ak arte. Aparkaleku hauek ezin izango dira itxi.

Eskaerak aurkeztea

Eskaerak Bulego Teknikoan aurkeztu beharko dira ekainaren 11 baino lehen. Zozketan parte hartu nahi dutenek kartazal bat aurkeztu beharko dute, honako agiriekin: udalak emandako eskaera inprimakia, beteta eta izenpetuta; nortasun-agiria; beste pertsona fisiko edo juridiko baten izenean badihardu, ordezkaritza horren egiaztagiria eta garantiaren ordainketa-agiriaren fotokopia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak