Udaltzaingoak egiten duen urteko txostenari erreparatuz gero, nabarmen egin zuten gora iaz trafiko arauak hausteagatik jarritako isunek; %22,88, hain justu ere, 2007 urtearekin alderatuz gero. Iaz udaltzainek 2.697 isun harri zituzten eta 2007an, 2.080.
Isun horietatik %56,54 Bergarako biztanleei jarritakoak dira eta gainerako %43,45 kanpoko gidariei.
Isun gehien jarri ziren kaleak izan ziren erdialdekoak: Ibargarai (382), San Martin plaza (248), Irizar (137), Matxiategi (125), Kruz Gallastegi (125), Arruriaga (107), Fraiskozuri (77), Ariznoa plaza (65), Mizpildi (60) eta Bidekurutzeta (52).
Hain justu ere, kale horiek dira trafiko gehien jasotzen dituztenak eta baita ere aparkaleku falta handien duen gunea. Izan ere, hor batzen dira inguruko auzoetatik eta ondoko herritatik autoz etortzen direnak, zerbitzu gehien dagoen herriko gunea da-eta. Isun guztien %51,09 pilatzen da kale horietan (1.378 isun).
Arau hausteei dagokienez, hauek izan dira isunduenak, besteak beste: leku debekatuan aparkatzea (371), espaloian aparkatzea (333), baimendutako denbora gainditzea (331), galtzadan aparkatzea (279), zirkulazioa oztopatuz aparkatzea (161), bigarren ilaran aparkatzea (135) eta oinezkoen pasabidean aparkatzea (125).
Garabia zerbitzuari dagokionez, 16 ibilgailu erretiratu zituzten iaz eta zegokien tasa ordaindu behar izan zuten. Horiez aparte, ibilgailu gehiago ere erretiratu ziren, baina kasu horietan tasarik kobratzeke. Udaltzaingoak txostenean argitzen duenez, ibilgailuendako biltegia oraindik egokituta ez dagoenez, garabia soilik erabiltzen da jaietan, pilota partidu egunetan eta larrialdietan.
Kalean utzitako animaliak
Kalean utzitako animaliez ere arduratzen dira udaltzainak. Iaz, 26 txakur batu zituzten eta horietatik 23, Elurra txakurtegira eraman. Azken bederatzi urteotan dihardute lanean Elurra txakurtegiarekin hitzarmen baten bitartez, eta jabeek batu ezean hara eroaten dituzte animaliak.
Bestalde, 1997an mikrotxip irakurgailua erosi zuen udaltzaingoak eta Internet birtartez, Aldundiko erroldan kontsulta zuzenak egiteko aukera dute. Errolda horretan EAEn erroldatuta dauden txakur guztiak azaltzen dira eta horrek anomalion jabea aurkitzeko lana asko errazten dio Udaltzaingoari.
16 udaltzain
Iaz 16 udaltzain zeuden Bergaran, 14.763 biztanlerendako. Hala, udaltzain eta 1.000 biztanleren arteko erlazioa zen 1,01ekoa.
Aurrekontuari dagokionez, 831.190 eurokoa izan zuten –Udal aurrekontuaren %3–. Bestalde, udaltzain baten biztanleko urteko kostua izan ziren 3,52 euro –Udaltzaingoarena, 56,20– .
Iazko urria ezkero asteburuetan ere ematen du zerbitzua udaltzaingoak. Hori horrela, udaltzaingoaren ordutegia da, astelehenetik zapatura, 06:00-22:00 eta domeketan, 10:00-22:00.