Unai Asurmendi kirol teknikariak lehen egunaren balorazio positiboa egin du esanaz, instalazio berriek oso harrera ona izan dutela."10:00etan zabaldu dugu eta ordurako 50 lagun zain ziren. Ondoren tantaka-tantaka etorri da jendea, batik bat 16:00etatik aurrera eta sorosleak oso lanpetuta ibili dira", esan digu Asurmendik.
Batik bat umeen artean txirristak eta perretxiko itxurako dutxaren inguruan sortzen diren ur korronteak izan dira gustagarrienak. Guraso batzuk ere inguratu dira umeak zaintzera, eguzkia hartzera eta izan da txirristan ausartu denik ere.
Konponketa txikiak
Harrerarekin pozik, baina konpondu beharreko gauza txiki batzuk daudela ere esan digu: "arazte sistema eta kontrako ur-lasterra doitu behar dira, baina konponketa txiki batzuk besterik ez dira, hasieran normalak".
Lehen egunean eguraldia lagun izan dute eta hasi berri den denboraldirako zer espero duten galdetuta zera esan digu Asurmendik: "motoponpak eta arazte sistema kontrolatzen ditugu, baina eguzkia ez eta hori da erabilera baldintzatuko duena. Ez dute oso uda ona iragarri, baina espero dugu jendea hemen gelditzea eta horretarako, datorren astetik aurrera eta baita abuztuan ere, kirol dinamizatzaile bat ipiniko dugu igerilekuan", esan digu Unai Asurmendik.