Ikasketa horiek Maiatz –Miguel Altunako Alanbrearen Teknologien Zaintza- programaren fruituetako bat dira; Debagoienean oso garrantzitsua den sektore bati hezkuntza aldetik erantzutea du helburu, eta ikastetxeen, administrazioen eta enpresen arteko lankidetza bultzatzen du programa horrek.
Hizlari guztiok titulatu berriei "zorionak" eman zizkieten, eta denek azpimarratu zuten aipatutako eragileon elkarlanaren garrantzia.
Hezkuntza, krisitik irteteko gakoa
Tornilleria Deba enpresako gerenteak, Pedro Muñozek, esan zuen enpresen produktuari balore gehitua eransteko ezinbestekoak direla ondo formatutako langileak: "Urte zaila da hau, baina gure kezkek berberak izaten jarraituko dute, eta krisia bukatzen denean, ondo prestatutako jendea behar izango dugu", esan zuen.
UNED-Bergarako zuzendariak, Juanjo Alvarezek, esan zuen Maiatz proiektuak "unibertsitateen, Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko elkarlanaren bidea" zabaltzen duela eta horretan "gakoa" dela, eta nabarmendu zuen graduondoko ikasketak unibertsitate mailako ikasketekin balioztatuko direla Boloniatik datorren sisteman.
Confebask-eko presidenteak, Miguel Lazpiurrek, ere krisia aipatu zuen, esanez "epe motzean ez d(el)a irteerarik ikusten, baina hau d(el)a irteerara bidea: kalitatea, maila tekonologikoa ematea, ondo antolatutako enpresak eta hobekuntzan trebeak direnak izatea, eta hori hezkuntzaren eskutik bakarrik lor daiteke".
Azkenik, Lanbide Heziketako sailburuordeak, David Urzainkik, txalotu egin zuen Maiatz proiektua, "oso berritzailea" dela esanez, eta "kanpo formazioan zegoen hutsunea" bete egiten duela, enpresak eta hezkuntza zentroak bateratuz.