Hogei musika talde eta bakarlari baino gehiago Kilometroak jaian

Eneko Azkarate Laspiur 2007ko ira. 11a, 10:23
Denetik, onetik eta denondako egongo da Kilometroetan, batez ere musika. Egun guztian, ibilbidean barrena prestatutako sei guneetan, 21 musika talde eta bakarlarik jardungo dute, bertsolari eta abesbatzez gain. Musikak hartuko du egitarauaren zatirik handiena, baina izango dira dantzariak, pailazoak eta umeendako ekintzak (tailerrak, eskulanak, puzgarriak, jolasak...).

Denetik dago. Baina ezaugarri batzuk nabarmendu daitezke musika talde eta bakarlariei dagokienez: ia talde guztiek oso musika dantzagarria egiten dute, gorputza astintzera animatzen dutenak. Eta, hala, aurkituko ditugu trikiti, ska, reggae, cumbia eta rumba doinuak; baita rock gogorragoa ere, popa... Eta, bakarlarien artean, euskal musikako interesgarrienetakoak, lehengoak eta gaurkoak. Gehienak Euskal Herritik datoz, baina talde katalan ederrak ere badaude.

Urriaren 7ko Kilometroetan sei zerbitzu gune izango dira: Ikastola, Usondo, Matxiategi, Artabila, Kiroldegia eta Espoloia.

  • Ikastolan joko dute Emonek eta Belcebluesek, biak ere bergararrak; Belcebluesek Kilometroetako abestia eskainiko du, 17:30ean hasita. Horretaz gain, umeendako jolasak, puzgarriak, erraldoiak eta buruhandiak, betizuak eta Txan magoa ere izango dira.
  • Usondon, Anje Duhalde, Pantxoa eta Peio, Tapia Ta Leturia & Jokin... Azpimarratzekoa da, Santa Marina elizan, Bergarako Orfeoiak eta Aritzeta abesbatzak elkarrekin abestuko dutela. Eta Dabid Azurtzak, Orfeoiko zuzendari izandakoak, moldaketa berezia egin du okasiorako: Urretxindorrak taldearen hiru abesti moldatu ditu, bi abesbatzek kanta ditzaten.
  • Matxiategin, Trapatoni Curcus Band, Sagarroi, Nour, Esne Beltza, Trikizio, umeendako jolasak, Kiki, Koko eta Moko pailazoak, erraldoiak eta buruhandiak eta zirko tailerra izango dira.
  • Artabilan (Candy parean), Petti, Mulambo, Rauxa, Samar eta umeendako jolasak.
  • Kiroldegian, Fly Shit, SKT Sekuentzia, Gose, Kauta eta E.H. Sukarra. 
  • Espoloian, umeendako jolasak, bertso saioa, trikitilariak, Aitzol Mujika eta Anari egongo dira. Azken gune honetan futbolin txapelketak ere jokatuko dira.

Horretaz gain, zirkuituan barrena, Bergarako Musika Eskolako Gazte Banda, Udal Txistulari Banda, Alai Taldea eta oraindik zehazteke dauden beste ekitaldi batzuk ere izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak