Hiru proiektu Espainiako Gobernuaren diruarekin

Edu Mendibil 2009ko ots. 11a, 20:20
Udalak deituta, 60 lagun inguru elkartu ziren atzo, martitzena, Bergarako osoko bilkuren aretoan, Espainiako Gobernuarengandik jasotako diruarekin egingo diren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Hiru proiektu gauzatuko ditu Udalak Madrildik jasosotako diruarekin: Bolu auzora irisgarritasuna hobetzeko lanak, igogailuak jarrita; Bideberri eta Zubieta arteko urbanizioa: eta, hirugarrenik, Domingo Irala kaleko bigarren fasea.

Agurne Barruso alkateak azpimarratu zuenez, baldintza zorrotzak bete behar zituzten aukeratutako proiektuek: "Alde batetik, Estatuak ez du kofinantzaziorik onartzen; bestetik, 2009an aurreikusi gabeko proiektuak izan behar zuten; eta, azkenik, behin onartuta hilabeteko epean adjudikatu beharra zegoen aukeratutako proiektuak". Alkatearen arabera, kofinantzazioarena, esaterako, oztopoa izan zen Ariznoa plazan (Epaitegikoa) egin nahi dituzten lanak baztertzeko, esan bezala, Espainiako Gobernuak osorik finantzatutako proiektuak aukeratu behar zituelako Udalak.

Udalak 2.623.497 euro jasoko ditu Madrilgo Gobernutik eta hiru proiektu hauetara bideratuko du dirua: Bolu auzora irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko, igogailuak jarrita; Bideberri eta Zubieta arteko eremua urbanizatzeko: eta, azkenik, Domingo Irala kaleko bigarren fasearen urbanizaziorako.
   
Boluko igogailuak

Jakin-min handiena Boluko proiektuak piztu zuen martitzeneko bileran. Hain zuzen ere, Boluko auzotar askok hartu zuten parte bileran, proiektuaren arduradunei eta udal ordezkariei galderak eginez. Zetabi Arkitektura Bulegoak egindako proiektuan, aldapa eta eskailerak saihesteko lau igogailu jartzea aurreikusten da. Gaur egun Bolun 600 etxebizitza daude eta hango bizilagunen bizi kalitatea hobetzea da asmoa. Atari bakoitzaren irisgarritasuna aztertu dute Zetabikoek azken hilabeteotan eta igogailuei esker nabarmen hobetuko litzateke atarietara iristeko zailtasuna, Zetabikoen esanetan: "89 atarietatik, 67 atarik zailtasun txikia izango lukete (gehienez %8ko malda eta 10 eskailera); ertaina 20 atarik (%10eko malda eta 30 eskailera gehienez); eta bi atarik baino ez zailtasun handia (%10eko malda eta 30 eskailera).

Proiektua, onespenaren zain

Esan bezala, Boluko igogailuek galdera bat baino gehiago ekarri zuten, batez ere proiektuaren inpaktuarengatik eta zuzenean ukituriko herritarren partetik, igogailuren bat etxe ondoan izango dutenengandik. Agurne Barruso alkateak zera zehaztu nahi izan zuen: "Proiektuaren muina Udalak onartutakoa da eta iradokizunak onartzen ditugu, baina, esan bezala, erabakita eta onartuta dago eta Espainiako Gobernuaren onespenaren zain gaude". Xabier Ieregi udal arkitektoak zera gaineratu zuen: "Lan handia dago proiektu honen atzean eta irisgarritasunaren aldetik aukera ezberdinak aztertu ondoren, onena aukeratu da.  Erosotasunari baino gehiago, igogailuen beharra duten herritarrengan pentsatu dugu". Bolutik datorren zirkulazio kopurua jaisteko ere baliagarria izango dela azpimarratu zuen Martin Etxeberria zinegotziak.

HIRU PROIEKTUAK, BANAN-BANAN

BOLU. Esan bezala, lau igogailu aurreikusten ditu Bolun Zetabi Arkitektura Bulegoaren proiektuak: Santa Ana parkearen amaieran, erdigunea eta Bolu kalea lotuz; Bolu kaletik goiko etxeetara eta Bearten egoitzara joango dena; beste aldean, errepidea eta Koldo Eleizalde lotuko dituena; eta, azkenik, Koldo Eleizalde eta Iraburu kaleen artekoa. Igogailu bakoitzak zortzi lagunendako tokia izango du. Aurrekontua 1.200.000 euro inguru da eta lanak aurten hasiko dituzte. Asko jota, 2010eko lehen hiruhilabetekorako amaituta egon beharko dute lanek.

IBARGARAI-BIDEBERRI. Aspalditik, 1996ko arau subsidiarioetatik datorren egitasmoa. Zubietako 1 eta 3 zenbakidun etxeak botata, Ibargarai eta Zubieta bitartea bi noranzkoko bihurtzea da asmoa. Herri barruko zirkulazioa txikitzea eta Bolu auzoko zirkulazioari irtenbidea ematea da helburua; gauza zaila, Masterrekako estutasuna kontuan izanda. Bideberriko arbolak eta pasealekua mantentzeko asmoa du Udalak. Hasiera baten, apiril aldera hasiko dituzte lanak. Aurrekontua milioi bat euro ingurukoa da. Galdutako aparkalekuen arazoari irtenbidea bilatzen dabil Udala.

DOMINGO IRALA. kaleak itxura berria estreinatu zuen iaz. Hala ere, oraindik ere ez ditu irisgarritasun arauak betetzen herritarrek San Martin plazara joateko erabiltzen duten pasabidean, hain justu. Domingo Irala kalean bertan, Usoa eta Euxebio II tabernen plazatxoraino igotzeko aldapatxo bat jarriko dute eta handik San Martin plazara doan sarbidea hobetu egingo dute, besteak beste. Ieregi arkitektoaren hitzetan, "obra txikia da, baina egin beharrekoa". 300.000 euro inguruko aurrekontua. Lanak udaberrian hasiko dira, ziurrenik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak