Hiru bergararrek lokal batean etxebizitza bat egiteko aukera lortu dute. Udaletxeak zozketa egin du horretarako eta 95 pertsonak hartu dute parte bertan.
Lokal bat etxebizitza bihurtu eta saldu ahal izateko Udaletxeak kasu horietarako daukan ordenantza bat bete beharra dago. Ordenantza horren helburua da espekulazioa gaitzestea eta ezartzen dituen baldintzetako bat da metro karratua Babes Ofizialeko Etxebizitzen prezio berean saltzea.
Ibai Kareaga, Joana Heis eta Roberto Rodriguez izan dira zozketako irabazleak. Gehienek ez dituzte lokalak ezagutzen beraz hurrengo egunetan lokalen jabeekin elkartuko dira beharbada euren etorkizuneko etxe bihurtuko direnak ikusteko.
Hiru irabazleen izenak atera ostean, itxaron zerrenda osatu dute parte hartu duten gainontzeko izenekin. Horrela, irabazleetariko bati tokatutako lokala gustuko ez badu listan laugarren postuan dagoenari eskainiko zaio lokal hori.