Hildakoen duintasuna berreskuratu guran

Ubane Madera 2010eko martxoaren 27a

Espainiako gerran hil, hilobiratu eta desagertarazi zituzten "hildakoak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz" izenburuarekin, hamar urteko lanaren emaitzaren zati bat erakusgai ipini du Aranzadi elkarteak Bergarako Aroztegi aretoan, argazki erakusketa modura. Apirilaren 18ra arte ikus daiteke. Zirrara eragiten duten kontakizunak eta gureko hainbat herritarrekin lotutako memoria historikoa batu dute. Belaunaldi berriek gorde beharreko memoria, berriro gerta ez dadin.

Egubakoitzean inauguratu zuten Aroztegiko erakusketa, Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak eta Agurne Barruso Bergarako alkatea ere bisitarien artean zirela.

Lourdes Herrasti Aranzadiko kideak azaldu zuen lau ataletan banatuta dagoela erakusketa: hilobi baten gaineko informazioa lortu, hildakoaren familiakoekin harremanetan jarri, indusketa lanak egin, hobitik ateratzeko prozesua eta familiei gorpuen hondarrak entregatu arteko prozesua erakusten dute argazkiek. 

Elgeta eta Bergara

Tartean dira, adibidez, Elgetako alkate izandako Iturrikastilloren gainekoa edo Bergarako Ansuategi baserriko hobietan aurkitutako materialaren argazkia, gudari baten plaka eta guzti. 

Horrez gainera, Aranda de Dueroko 29 gorpuren hondarrak dituen hobi bat ere irudikatu dute, lurrean.

Hitzaldia apirilaren 14an

Erakusketa apirilaren 18ra arte dago zabalik. Bestalde, apirilaren 14an, Lourdes Herrastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta gorpuak ateratzeko lanetako asko zuzendu dituen antropologo adituak hitzaldia egingo du, 19:00etan, Aroztegin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak