Herriko historia lanak bultzatuko ditu Artxiboak

Edu Mendibil 2007ko urr. 26a, 18:14

Bergarari buruzko historiako lanak bultzatuko ditu Udaleko Artxiboak. Helburua bikoitza da: Artxiboko fondoak herritarrei gerturatzea, batetik, eta herritarrek eurek landutako gaiei irtenbidea ematea, bestetik.

Historia ikerketaren bat egin nahi dutenei lankidetza eskainiko dio Artxiboak; fondoen erabilera eta hedapena egiteko interesa dute arduradunek. Besteak beste, Udalak sortutako dokumentazioa (1268. urteko Herri Hiribildutik honakoa), Erret Mintegiko artxiboa edo Union Cerrajerako Bergarako lantegikoa gordetzen dira bertan, 20.000 argazki ingururekin batera.

Lanei irtenbidea eman

Behin Artxiboko arduradunekin harremanetan jarri ondoren, Udaleko Ondare, Turismo eta Informatika batzordeak baloratuko ditu jasotako proposamenak, hainbat teknikariren laguntzarekin. Ondoren, aipatutako lanei zer-nolako irtenbidea eman aztertuko dute. Bergarako udal webgunean jarriko dituzte lanik interesgarrienak eta kasu bakoitzaren arabera bestelako irtenbideak ere aztertuko dituzte.

Arantzazu Oregi Udal Artxiboko arduradunak eta Mikel Elkoroberezibar Ondare eta Turismo batzordeburuak azpimarratzen dutenez, "Eibarko Artxiboan egiten duten lana hartuko dugu oinarri asmo hau plazaratzeko. Eibarren arrakasta dezente izan du, eta herritarrengandik proposamenak jasotzea da gure asmoa". Interesatuek Udaleko Artxibora jo dezakete argibide eske azaroaren 20a baino lehen. Aste barruan 08:30etik 13:30era eta 14:30etik 17:30era dago Artxiboa zabalik. 943 77 91 32 telefonoan edo artxiboa@bergara.net helbidera ere jo dezakezue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak