Herriko bi taldeen derbia Ipintzako inaugurazioan

Jasone Zabala 2008ko irailaren 25a

Lehen erregionaleko derbia hirugarren jardunaldian iritsi da. BTLS K.E. eta Bergara K.E. nor baino nor jokatu dute, domekan 17:00etan, Ipintzan, Udal futbol zelaiaren inaugurazioan.

Lehia estua

Bi taldeen arteko lehiakortasuna sanoa da, eta domekako partidua borrokatua izango dela adierazi diote GOIENKARIAri Jose Luis Beitia (BTLS) eta Manu Diaz (Bergara) entrenatzaileek. Beitiaren ustez, ez da joko asko egongo, baina borrokatu egingo dute bukaera arte: "Bergara taldea atzeko lerroan sendo aritzen da. Gainera, pasa den urteko taldea mantendu du eta Altzola eta Mujikarekin asko irabazi du taldeak". Diazek, berriz, partidua "zaila" ikusten du: "BTLS talde ona da, sendoa eta Ipintzako zelaiari neurria hartua diote. Beraiek izan daitezke multzoko aurtengo ezustekoa". Helburuei dagokienez, "ezin da aurre ikusi denboraldi amaieran zer gertatuko den. Taldea ondo hasi da jokatzen. Hala eta guztiz ere, gure lehen helburua mantentzea da, baina emaitzek jarriko dute talde bakoitza bere lekuan", adierazi du Beitiak. Diazek bestalde, uste du goiz dela oraindik helburuak finkatzeko eta partiduz partidu joan beharra dagoela: "Lehen itzuliaren amaieran ikusiko dugu zein izango den amaierako gure helburua", esan du.

Ipintzako zelaia inauguratu

Derbiarekin batera, belar artifizialeko Ipintzako Udal futbol zelai berriaren inaugurazio ekitaldia egingo dute. Ohorezkoa sakea Agurne Barrusok egingo du, eta partidua amaitzen denean, luncha egongo da Aldundi, kirol federazio, Udal, kirol elkarte eta
jokalariendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak