Herriagatik lana egiteko gogoa du EAk

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko mai. 10a, 18:38
Hirigintza, kirolak eta auzoak kontuan hartuko dituztela esan du Lauri Askargorta alkategaiak. Iñaki Galdosek esan du badela garaia Debagoienak gehiago jasotzeko Gipuzkoatik.

"Udala despolitikatzeko asmoz eta herriaren alde lana egiteko gogoarekin" aurkezten dela esan du Lauri Askargortak, EAko alkategaiak, alderdiaren aurkezpenean. Hirigintza, kirola eta auzoak ere, besteak beste, kontuan hartuko dituztela esan du prentsa aurrean. Askargortak Iñaki Galdos, EAko Diputazioko hautagaia, izan du ondoan alderdiaren asmoak aurkezteko. Galdosek esan du hiru ardatz nagusi izango dituela EAk datozen lau urtetan: "lurraldearen oreka, berrikuntza eta jasangarritasuna, ingurumenaren aldeko errespetua eta garapen ekonomikoaren aldeko apustua eginez".

Debagoiena batuta
"Bergaran, etxebizitza tasatu gehiago egin nahi ditugu eta alokairuak erraztu, itxita dauden etxeak merkaturatuz. Aparkalekuen arazoa ere konpondu nahi dugu eta Agorrosinen aukerak nola aprobetxatu ere aztertu beharko genituzke guztion artean. Horrez gain, herriko auzoak ere kontuan hartu behar ditugu. Ez dut esperientziarik, baina bai lanerako gogoa", esan zuen Lauri Askargortak. EAko Bergarako zerrendaburuak, aipatu zuen ibarreko Udalek elkarrekin egin behar dutela lana, baina bakoitzaren beharrak ahaztu gabe.

Iñaki Galdosek gogoratu du Bergara Debagoiena barruan dagoela eta ibar horrek gehiago eman diola Gipuzkoari, alderantziz baino. "Baina bada garaia Debagoienak gehiago jasotzeko Gipuzkoatik eta horretarako batu egin behar dira ibarreko herriak, hainbat gaietan elkarrekin lana egiteko, adibidez: tranbia, garraio publikoa eta erronka sozialak", esan du Iñaki Galdosek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak