Herri kirolen txapelketa egingo dute Mendekoste jaietan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko api. 30a, 20:39
Txapelketa iaz egin zen lehen aldiz eta aurten, antolakuntza talde osatuago batekin, lehiaketa hobetzea eta herritar gehiagorengana zabaltzea gura dute. Herri kirolak sustatzea helburu duen txapelketa mendekoste astelehenean egingo dute, ekainaren 1ean.
 

Herri kirolak herrira ekarri –egun herritik urrun baitira– eta herriko giroa sustatu. Helburu hori betetzeko bildu dira Gurutz Garmendia, Garikoitz Garitano eta Jon Lasa. Bergarako herri kirol txapelketa antolatzeko hain zuzen. Jaietara begira antolatu dute txapelketa eta beraz, herri kirolak izango dira protagonista Mendekoste astelehenean. Iaz lehenengoz egin zen herri kirol txapelketan Garitano arduratu zen antolakuntzaz. Aurten ekimena hobetu eta sendotu gura dute, eta batez ere, herritar gehiagorengana heldu. Txapelketan parte hartzeko herriko tabernekin osatuko dituzte taldeak. Hala, antolatzaileek uste dutenez, talde bakoitzak taberna baten babesa jasotzen badu tabernarien arteko pikea sortuko dute.

 

 

Zortzi proba, bi mota

Txapelketak zortzi proba izango ditu, bi eratakoak. Batetik, teknika eskatzen duten jokoak, antolatzaileek jakinarazi dutenez, neskendako aproposak. Nesken parte hartzea bultzatu gura dute. Eta, bestetik, indarra nagusi diren probak; gizonezkoendako, antolatzaileen ustez. Hauexek izango dira probak: trontza, harri jasotzea, hanketako puxika puskatzea, ingudea, zaku lasterketa, txinga jokoa, lokotx bilketa eta sokatira. Proba guztiek berdin puntuatuko dute, eta berdinketa kasuan, sokatira izango da proba erabakigarria; taldekide guztiek hartzen dute parte-eta.

 Baserritarrei laguntza eman...

Garmendia, Garitano eta Lasak herri kirolak bultzatzeaz gain, baserritarrei laguntzeko asmoa dute. Azken helburu horretarako jarri gura izan diote txapelketari Bergarako herri kirolen Jakion txapelketa izena. Hala, Jakion Debagoieneko baserritarren kooperatibari ahoz ahoko publizitatea eginez euren produktuak errazago merkaturatzen lagundu gura zioten. Hala ere, txapelketaren babesle den Udalak ez du proposamena onartu, enpresa pribatu batekin azaldu gura ez dutelako. Antolatzaileek idatzi bat argitaratuko dute gaiaren euren ikuspuntua emateko. Bestalde, txapelketaren aurrekontua 525 eurokoa da.

...eta herriko giroa berotu

Herriko giroa berotzea da ekimenaren beste helburu bat. Eta zeregin horretarako, zer hobeto txapelketako parte hartzaile eta ikusleekin herri bazkari bat egitea baino. Tabernarien laguntzarekin egingo dute bazkaria; gura duenak prezio onean bapo bazkaltzeko aukera izango du. Aurrez gogoz izerditu dutenek ez dute bazkaria ordaindu beharko.

Lehia sortuko duten sariak

Hainbat sari egongo dira. Horien artean, goi mailako afaria: talde irabazleak eta antolakuntzak Lasa jatetxean afalduko dute. Kopa bat ere egongo da. Tabernari guztien artean aukeratua izango da eta irabazlearen tabernan egongo da urtebetez. Hurrengo txapelketan, irabazten duenak eroango du garaikurra.

 Elkarrizketa

Gurutz Garmendia > Txapelketaren antolatzaileetako bat

Gurutz Garmendiak osatzen du herri kirol txapelketaren antolakuntza taldea, Garikoitz Garitano eta Jon Lasarekin batera. Iaz hasi bidea sendotzea gura dute, herri kirolak bultzatu eta herri giroa berotzeko.

Nondik sortu zen herri kirol txapelketa egiteko ideia?

 Iaz Garikoitzek bakarrik antolatu zuen guztia; txalotzekoa da egin zuen lana. Aurten hiruko lantaldea osatzea erabaki dugu txapelketa hobetua antolatzeko. Izan ere, Bergarako txapelketa inguruko herriendako eredu bihurtu gura dugu.

Zergatik behar dute bultzada bat herri kirolek, zure ustez?

 Euskalduna azken herri aurreindoeuropearra da eta hemen mantentzen dira antzina europa osoan zabalduta zeuden ohitura eta sinesmenak. Herri kirolak ohitura horietatik sortu ziren. Hala, gure arbasoak oso bestelako gizarte batean bizi ziren. Esate baterako, lana jolasarekin lotzen zuten; gai ziren astean zehar aizkorarekin lanean jardun ostean aste bukaera heldu eta ospakizun giroan enborrak mozten jarraitzeko. Hortaz, garrantzitsua da gureak diren kirolak berreskuratzea.

Txapelketa eguneko egitaraua gertatu duzue dagoeneko?
 Mendekoste astelehenean izango da, ekainaren 1ean. Seguruenik Irala kalean egingo ditugu proba gehienak, goizez. Gero, herri bazkaria egingo dugu. Oraindik ere egitaraua ez dugu itxi, eta agian, eguna borobiltzeko sorpresatxoren bat izango da.
 

Txapelketan bergararrrek bakarrik har dezakete parte?

 Ez, edozein dago gonbidatuta. Esan moduan, beste herriendako eredu izan gura dugu, pixkanaka beste herrietan txapelketak antolatu daitezen. Polita litzateke, adibidez, Bergarako talde onena Arrasatekoaren aurka lehiatzea.

 Talde irabazleak garaikurra izango du urtebetez. Nolakoa izango da?

 Oraindik prestatzen gabiltza. Asmoa da herriko artistaren batek bi edo hiru eredu egin eta tabernarien artean politena aukeratzea.

 Izenematea

Zortzi taberna ordezkatzen duten zortzi talde lehian

 Zortzi taberna ordezkatuko dituzten zortzi taldek hartuko dute parte txapelketan. Hauek dira tabernak: Pol-pol, Ariznoa, Hamaika, Arranoa, Agorrosin, Ziripot, Etxagi eta Kortazar. Talde bakoitzak kamiseta propioa izango du, kolore eta animalia edo euskal mitologiako pertsonaia baten irudiekin. Prakak, nola ez, mahoizkoak izango dira. Izenematea tabernetan egin behar da, bakoitzean izendatuta dagoen arduradun baten bidez. Ez dago eperik: zortziko taldea osatzean taldea osatuta geratzen da. Gura duenak entrenamenduak egin ditzake, kiroldegian materiala badago-eta. Giltzak tabernan eskatu behar dira. Azkenik, hauek dira talde irabazlearendako sariak: Ardo kaxa eta narruzko satoa, Jakioneko produktu sorta, afaria Lasa jatetxean eta garaikurraz urtebetez gozatzeko eskubidea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak