Herri Arteko txapela Bergarara

Xabier Urtzelai 2009ko eka. 14a, 23:30
Domekan arratsaldeko 19:30 inguruan ekarri zituzten Bergarako pilotariek Herri Arteko Txapelketan irabazitako txapel preziatuak. 13:30ak inguruan jantzi zituzten Atano III.enean, baina bidean sagardotegitik pasa ziren, lortutakoa behar den moduan ospatzeko. Eta, Bergarara iritsi zirenean herrikideek harrera beroa egin zieten plazan. 41 urte igaro ostean, Bergara berriro ere txapeldun da.

Bergarak dagoeneko txapelketa horretako bi txapel irabazi ditu, domekan irabazitakoa bata, eta 1968an, txapelketako lehen edizioan, egungo Aspeko kirol teknikari den Etxanizen aitak eta konpainiak lortutakoa bestea (Final hartan Urretxuren kontra Gonzalez, Arazkonaga, Altuna, Gallastegi, Garitano eta Etxaniz lehiatu ziren).

Bergarak 2, Hernanik 1

Goizeko lehenengo partiduan ondo bideratu du Bergarak finala. Mikel Gallastegik eta Beñat Rezustak aukera txikiena ere ez diete eman Hernaniko Elortzari eta Lujanbiori (4-22). Kadete mailako partidua irabazita Bergarakoek argi zeuzkaten kontuak: seniorrek erabakiko zuten finala. Izan ere, gazte mailan Gorka Irizar eta Aritz Rezusta gogotsu kantxaratu dira, baina bazekiten kontrarioa zela faborito. Eta Hernaniko Aizpitartek eta Arrietak berehala erakutsi dute zergatik ziren faborito (22-8).

Gazteek galdu

Kadete mailako partidua irabazita, Bergarakoek argi zeuzkaten kontuak: seniorrek erabakiko zuten finala. Izan ere, gazte mailan Gorka Irizar eta Aritz Rezusta gogotsu kantxaratu ziren, baina bazekiten kontrarioa zela faborito. Eta Hernaniko Aizpitartek eta Arrietak berehala erakutsi zuten zergatik ziren faborito. Konturatu orduko 8-1 ziren aurretik, baina Bergarako pilotariek aparteko ahalegina egin zuten markagailuari eusten. Aipatzekoa izan zen, esaterako, 8-2koa. Irizar atzelariak zabalera egin zuen korrika, eta elegantzia handiz, zabalean utzi zuen pilota. Hurrengo tantoan (8-3) Hernanikoek gora bota zuten, eta bazirudien Bergarakoak bazetozela poliki-poliki gora, baina irudipena izan zen. Tanto gogorra izan zen 11-4koa. Batera eta bestera ibili ziren denak, baina ordurako Hernanik erabakita zuen estrategia: pilota guztiak atzera.
Bergarako atzelariak gogotik bota zuen izerdia, eta Rezustak lagundu bazion ere, tantoak erraz galtzen hasi zen, nekearen seinale (19-6). Oraindik Rezustak izan zuen tanto polit bat egiteko astia (21-8), baina ordurako erabakita zegoen partidua (22-8)

Seniorrena, ederra

Poliki-poliki Bergarakoen aurreikuspen guztiak betetzen ari ziren, eta azkena geratzen zen, seniorretako partidua irabaztea. Ordurako Atano III.a pilotalekuak final bateko itxura osoa zuen.

Partidua hasi eta Hernaniko Ojuelek eta Gorrotxategik eman dituzte lehenengo bi kolpeak (2-0). Eneko Muguruzak azeleratuta hasi du partidua, eta Ander Muguruza eta Reyes Azkoitia arduratu dira partiduak luze joko zuela gogorarazten. Eta hala izan da. Partiduko lehen zatian hernaniarrak izan dira aurretik, baina alde txikiarekin. Minutuek aurrera egin ahala, baina Hernanik fisikoki behera egin du; Gorrotxategi atzelaria nekearen ondorioz lehenengo hutsak egiten hasi da, eta muguruzatarrek ondo aprobetxatu dute hori. 9-9koarekin Bergarak zazpi tanto egin ditu segidan eta alde erabakigarria izan da hori.  Ordurako pilotalekuan garbi entzuten zen: "Pim, pam, pum, Bergara txapeldun!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak