Helduetan pausoz pausoko igoera aipagarria, euskararen erabileran

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 19a

Udaleko Euskara batzordeak kaleratu du 2008ko euskararen kaleko erabileraren neurketa jasotzen duen txostena, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan. Batzordekoek txostenenan adierazi dute: "Askotan euskararen egoera ona den edo txarra den, hobera doan edo okerrera doan galdetzen digutenean, askotan ez dugu jakiten nola erantzun, eta sarri erantzuna bera oso modu subjektiboan ematen dugu".

Horregatik, azaldu dute gero eta garrantzitsuagoa zaigula euskararen egoera eta bilakaera modu objektiboan baloratzeko aukera ematen diguten datuak izatea. Horien artean bada bat herriko euskararen errealitatea adierazteko funtsezkoa dena Euskara batzordearen ustez: kaleko euskararen erabilera, hain zuzen ere. Euskara batzodeak kaleratu duen txostenean kalean behaketa zuzenaren bidez lorturiko datuak eskaintzen ditu.

Neurketaren ezaugarriak

1983an neurtu zen lehenengo aldiz Bergaran euskararen kaleko erabilera eta 1993az geroztik urtero egin izan da. Eta urtez urteko datuok konparagarriak izandaitezen, beti metodologia, egun, ordu, eta neurketa-gune berdintsuak hartu dira.
Aurten ere, lau gune aukeratu dira eta bakoitzean ibilbide batzehaztu da; kalerik jendetsuenak biltzen dituzten ibilbideak, hain zuzen ere: lehena,Fraiskozuri-Usondo-Matxiategi; bigarrena, Espoloia-Bidekurutzeta-Barrenkalea-Irala; hirugarrena, San Antonio-Zubiaurre-Labegaraieta eta laugarrena, Bolu-Masterreka-Kruz Gallastegi.
Lau gune hauetan nabarmentzekoa da hirugarren ibilbidean euskararen erabilera, beste hiru gunetan baino nabarmen baxuagoa. Aztertutako urte guztietan gune horretan izan dira emaitzarik apalenak.

Balorazio orokorra

Alde positiboan, bereziki, helduetan gertatzen ari den pausoz pausoko igoera aipatuko behar da: 2007ko eta 2008ko emaitzak 2006koa baino baxuagoak izan diren arren, emaitza ona izan da, batez bestekoarekin konparatuta. Badirudi, gainera, igoera hori antzematen dela haurren presentziarik gabeko kasuetan ere.
Era berean, nahiz eta 2006 eta 2007an salbuespenak izan, alde positiboan nabarmentzekoa iruditzen zaie txostenaren egioleei neska gazteek (%15-24 urte bitartekoek), duten erabilera-maila altua: 2008an %70baino altuagoa.
Nabarmentzeko beste puntu batzuen artean, berriz, hauek aipatzen dute Euskara batzordekoek: Haurren presentziak beste adin-taldeen erabileran duen eragina; hau da, haurrekin dihardutenean, beste adin-tartekoen erabilera nabarmen igotzen da; urte batzuetan haurren arteko erabilera-mailara iritsi eta gainditu egin dute.
2002tik 2006rako neurketetan, esaterako, umeen erabileran goranzko joera izan zen arren, arduradunek jakin arazi dute 2007 eta 2008an emaitza apalagoak izan zirela eta badirudiela hazkundea geldituta dagoela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak