Duela hamar bat egun hasi ziren konponketa lanok egiten eta aste honen bukaera aldera edo datorren aste hasieran bukatu nahiko lituzketela azaldu du lanak egiten ari den Asfaltos Urretxuko ordezkariak: "Eguraldi oso txarra egiten ari da eta horrek ez digu lagatzen nahi dugun abiaduran lan egitea. Duela bi aste, egun bitan baino ez ginen lanean egon eta pasa berri den astea ere oso euritsua izan da. Berez egun gutxiko lana dena asko luzatzen dabil".
Herritar ugarik eskertuko dute esandako bidetxoa konpontzea, kultura etxera sartzeko bide bakarra baita, eta, batik bat, euria egiten duenean lokaztu egiten delako bidea.
Udaleko Ingurumen batzordearen irizpideak aintzat hartuta egiten dihardute egokitzapenok. Sarrera nagusian, parkera sartzeko dagoen koskatxoaren maila jaitsi egingo dute eta, esan bezala, bidetxoa asfaltatuko dute –ia bi metro eta erdiko zabalerarekin–, Santa Ana ermita osteraino. Bestalde, kultura etxerako sarrerari dagokionez, lauzak jarriko dituzte zoruan; sarrera pareko harrizko hormatxoa konpondu egingo dute eta hormaren bukaeran dagoen iturria ere bai. Horrez guztiaz gain, eserleku berriak ere jarriko dituzte parkean barrena, lehen zeudenak ordezkatuz, eta eserlekuon ondoan argiak ere jarriko dituzte.
Asfaltatze lanak
Bestelako asfaltatze lanak ere egin ditu asteon Asfaltos Urretxu enpresak. Hain justu ere, Miguel Altuna institutua inguratzen duen errepidea asfaltatu dute.