Hasi dira egiten Martoko auzoko aparkalekuak

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko urr. 7a, 12:06
Duela bi aste hasi ziren lanak eta azaroan bukatuko dituzte. 27 aparkaleku egiten dihardute, mendiari zatia janda, errepidearen kontra. Lanek iraun bitartean kalea norabide bakarreko egongo da.

Martoko gaineko aparkalekuak egiten hasi dira dagoeneko, hain justu, irailaren 23an ekin zieten lanei.

Martoko-Zubiaurre auzunearen irisgarritasuna eta zirkulazio eragozpenak hobetzea da aparkaleku gune horren helburua; auzuneari harnas apur bat ematea, hain justu. Izan ere, aparkaleku gabezia eta errepidearen estutasuna izan dira urteetan auzotarren aldarrikapena.

Apakalekuak egiteko mendi magalari zatia jaten ari dira, Xabier Yeregui arkitektoak egindako proiektuan oinarrituta.

Lanen aurrekontua da 70.837 eurokoa eta Sasoi Eraikuntzak eguten dihardu. Udaletik aurreratu dutenez, abuztuaren 27an esleitu zituzten lanok eta enpresak 70 egun natural izango ditu lanok bukatzeko. Hori horrela, azarorako lanak bukatuta egon beharko dira.

27 aurorendako lekua

Errepidearen alde baten aparkaleku banda egiten dihardute, baterian aparkatzeko, eta 27 autorendako lekua egongo da. Plaza horietako bat mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonendako izango da. 

Obra guztiak ia 1.000 metro koadroko zabalera hartuko du, aparkatzeko gunea bera eta mendi magalari jandako eremua eta berau eusteko erabiliko den lubeta kontuan hartuta. Lurren mugitzeei dagokionez, harri lubeta eraikiko dute mendi magala eusteko. Hain justu, magalari zatia jatearekin batera lubeta hori ere eraikitzen hasi dira, goiko irudian ikus daitekeen moduan.

Aparkalekuak errepidearen maila berean egongo direnez, biak bereizteko areka bat egingo dute eta jasotzen diren urak ere handik bideratuko dira.

Zubian semaforoa jarriko dute

Lanok iraun bitartean norabide bakarreko egongo da errepidea, beheranzko norabidean, hain justu ere. Dena den, lanak bukatzen dituztenean, ohikora bueltatu eta bi noranzko izatera pasako da berriz.

Horren haritik, beste berrikuntza bat ere izango da auzune horretan. Hain justu ere, Ozaetako zubian semaforoa jartzeko erabakia hartu du Udalak. Iraileko ohiko oso bilkuran onartu zuen erabaki hori Udalbatzak aho batez.

Asmoa da Ozaetako zubiaren mutur banatan jartzea semaforoa, eta helburua, herritarren segurtasuna bermatzea. Udal iturrien esanetan, estua da zubia eta oinezkoak lasai ibiltzeko leku gutxi dago. Horren harira ere, hainbat kexu jaso dituztela aurreratu dute. Udal iturriek gehitu dutenez, semaforoak jarriko dituzte Martoko gaineko aparkalekuko lanak bukatu eta errepidea berriz bi norabidekoa izatera bueltatzen denean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak