Giro ezin hobean, gaztetxearen 10. urteurreneko ospakizunei amaiera borobila eman diete aste bukaeran. Helburuak beteta, oso pozik azaldu dira gaztetxeko kideak: "Egunero tertulia edo ekintzaren bat izan da eta 30 pertsonatik gorak hartu du parte. Jendeak, bere iritzia eman du eta oso positiboa eta aberatsa izan da denondako".
Zapatuan, kontzertuekin amaiera ona eta jendetsua eman zieten jaiari. Bertso bazkariak arrakasta izan zuen eta 50 lagun batu ziren. Aurretik, baina, herriko kaleetako giroa berotu zuten 40 bat lagunek poteo-an.
Patioa, grafiti-ekin koloreztatu zuten. Aurrerantzean, asmoa da bertan zine eta antzerki emanaldiak, eta, talde zein bakarlarien zuzenekoak eskaintzea. Eguraldi txarragatik oraindik ez dutela estreinatu kontatu digute gaztetxeko kideek: "Eguraldiak laguntzen duenean, patioan, ekintzak egingo ditugu".
Kontzertuen arrakasta
Gaztetxean antolatutako zuzenekoetara jende mordoa gerturatu da. Zapatuan, DJ Elvis Cainok dantzan jarri zuen gaztetxea. Aurretik ordea, Fly Shit taldeak, askok esperotako emanaldi potentea eskaini zuen. "Aspaldian gaztetxean zuzenekorik eman gabe geunden. Disko berria grabatzen egon gara buru belarri eta irailerako prest izan nahi dugu, azaldu digu Setien abeslariak. Bergararren lan berriaren aurrerapena entzuteko aukera ere izan zen. "Gure estiloa mantenduko dugu".
Domekan, Anarik zuzenekoa eskainiko du 20:00etan hasita, Txapa Irratiak antolatuta.