Grabaketak aurten amaitzeko desioz, aurrera doa 'Bertsolari'

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko mar. 31a, 12:01
Otsail amaieran izan genuen Asier Altuna 'Kixi' zuzendari bergararra zuzentzen dabilen 'Bertsolari' dokumentalaren aurrerapenaren berri, interneten. Albistearen behealdean duzue ikusgai. Hain zuzen, Andoni Egañarekin elkarrizketa eta BECeko finaleko irudiak nabarmentzen dira 12 minutuko aurrerapenean. Bete du helburua, ikuslea gehiagoren zain utzi du-eta. Hala ere, Altunak dioenez, aurrerapenak ez du filmarekin zerikusirik.

Dezente itxaron beharko dugu Bertsolari ikusteko; Kixi-k honako aurreratu du: "grabaketak aurten amaitzea, seinale ona". Proiektua gauzatzeko pasatzen utzi ezin zitezkeen irudiak grabatu behar izan dituzte, hala nola, Bertsolari Txapelketa eta duela aste bi Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok San Frantziskon (AEB) eskaini zuten bertso saioa. AEBtarako bidaia Joseba Zulaika Renoko Unibertsitateko antropologia irakaslearekin egoteko aprobetxatu dute, Zulaikari bertsolaritzaren gainean ikuspuntu antropologiko eta sozialetik galdetuz.

BERTSOLARI PILOTO english sub. from txintxua on Vimeo.

Dokumentala "presa barik, baina jarraian" zuzendu gura du Altunak, eta bi fase bereiztu ditu: elkarrizketen grabazioa, eta elkarrizketak irudi ezberdinez jostea. 20 bat elkarrizketa aurreikusten ditu, baina oraindik ez da zerrenda itxi; are gehiago, zabaltzen doa. Elkarrizketokin Aste Santu ostean hasiko da. Lehen fase horren ostean, elkarrizketak ondo analizatu eta aurrez zein ondoren hartutako irudikoekin josiko dituzte. Post-produkzio lan mardula, beraz: "elkarrizketek sortuko duten testua itzela izango da eta ondo sintetizatu behar dugu. Gainera, bertsolariaren barne prozesua irudikatzeko irudi digitalak  [hiru dimentsiotan sortutakoak] sartzea nahi dugu eta horrek lana eskatzen du", dio Altunak.

Finantziazio bila
Halako lana aurrera eramatea, baina, ez da merkea. Txintxua Films ekoiztetxeak "sekulako apustua" egin du Bertsolari-ren alde, baina dirua behar dute. Hala, Altunak eta bere taldeak dirulaguntza bila dihardu, "ohiko iturrietatik zein bestelakoetatik". 

Elkarrizketa: Asier Altuna, Bertsolari dokumentalaren zuzendaria

"Bertsolaritza kanpoan ezagutaraztea da helburua"

Bertsolari dokumentala "lasai eta presa barik" zuzendu gura du Asier Altuna Kixi-k (Bergara, 1966), film "osatua eta kalitatezkoa" irten dadin. BECeko finala grabatu ostean beldurra galdu duela dio zuzendari bergararrak, hasieran gaia handiegi geratuko zitzaiola uste zuen-eta.

Nola eta zergatik sortzen da Bertsolari proiektua?
Aspalditik datorren kontua da. Baina gaiak sortzen didan errespetuak eta beste lan batzuetan murgilduta egoteak atzeratu egin du prozesua. Hala ere, txapelketa nagusiko finala zetorrela ikusita, eta beste lau urte itxarotea pentsaezina zenez, proiektuari ekitea erabaki genuen. Izan ere, bertsolaritzak betidanik erakarri nau, eta gainera Euskal Herritik kanpo oso gutxi ezagutzen den diziplina da; kanpoan ezagutaraztea da helburu nagusietako bat.

Bertsolaritza ezagutzen ez duenari begira ari zara, beraz.
Ikuspuntu horretatik ari gara lanean. Hala ere, bertsolaritza ezagutu eta gozatzen duenak ere gustura ikusiko duela uste dut.

Nola erakarriko duzu, bada, bertsolaritzaz ezer ez dakiena?
Bertsolaritzaren gainean erreportaje informatibo soila egin beharrean, kutsu zinematografikoa emango diogu. Izan ere, pelikula moduan aurkeztuta, bertsolaritza kanpoan ezagutaraztea errazagoa izango da; zinema jaialdietan, kasu.
Gutxienez 70 minutuko ikus-entzunezkoa duzu buruan. Zein gai nagusi landuko dituzu?
Bertsolaritza ezagutzeko beharrezkoak diren hainbat elementu jorratuko ditugu. Historia, bilakaera, inprobisazioa, gogoeta... hamaika kontu. Ideia orokor bat daukat baina oraindik ez dakit zehazki zein gai aukeratuko ditudan erreportajerako. Orain artxibo on bat izateko irudiak ari gara hartzen, eta guztia bildu ostean, ikusiko dugu nola borobiltzen dugun.

Inprobisazio lanik ez zaizu faltako, hortaz; bertsolarien moduan...
Hala da, filmak ere izango du bere bat-batekotasun puntua...

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak