Bi ordu itxaron behar izan zuen batek baino gehiagok baina merezi izan zuen. Azkenean denak irten ziren sinadura batekin, liburuarekin edota bi muxuekin. "Onena da", "zelako guapoa" entzuten zen uneoro Elkar denda kanpoan. Behin barruan denak urduri, konkistatzailearengana gerturatzeko momentua iristeko irrikan.
Pozik harrerarekin
"Harrera oso ona jaso dut Bergaran", esan zigun Mantulizek. Benetan jator aritu zen jarraitzaileekin, pazientzia handia erakutsi zuen. "20:00ak arte egotekoak gara, baina behar den denbora guztia egongo naiz". Neska gazteren bat negarrez irten zen dendatik eta asko saltoka.
Arrasateko zoramena ez errepikatzeko taldetan sartu ziren egubakoitzean eta ez zen iskanbilarik sortu. "Kaosa izan zen Arrasatekoa. Dendako hesia itxi behar izan zuten eta okertu eta dena egin omen zuten", adierazi ziguten Elkarrekoek.