Gorlako igoera, domekan

Xabier Urtzelai 2007ko martxoaren 23a

Domekan egingo dute Gorlako igoera (10:00); hala ziklistak deseatzen daude eguraldiak hobera egin dezan, gorriak ikusiko dituzte, bestela.

Panorama horrekin ere, ibarreko 23 urtez azpiko txirrindulariek ez dute birritan pentsatuko, domekan irteera puntuan izango dira, ondo dakite-eta Gorlako igoera dela kategoria horretan izen handiena duen lasterketetako bat. 33 urte egingo ditu lasterketak, Bergaran txapela jantzi duten 26 ziklista profesionaletara iritsi dira, asko esatea da hori.


Gogorra


90 kilometro izango ditu aurtengo probak. Lehenengo kilometroak giharrak berotzeko aproposak izango dira –San Prudentziotik Zubillagara eta buelta–. Hala, orduan egingo dute Gorlako lehenengo igoera (41. kilometroa), 11:00ak aldean. Azkoitia-Aizpurutxo jaitsita tropelak Deskarga igoko du, berriro ere Bergarara jaitsi eta bigarren igoerari ekiteko: "Baliteke hor erabakitzea nork irabaziko duen", esan digu Valladolideko itzulian lan ona egin eta laugarren sailkatu berri den Unai Arantzabalek (Bidelan): "Gorlako lehenengo igoeran taldetxo batek aurrera egin dezake, baina bigarren igoeran erabakiko da lasterketa".

Gehienak Gorlan

Debagoienean hamar ziklista ditugu kategoria horretan –Asier Penabad, Joseba Muguruza, Kepa Varela, Unai Arantzabal, Gurutz Larrea, Eddy Perez, Joseba Itziar, Ander Nafarrate, Antxon Anduaga eta Hilario Cordero–.
Antxon Anduaga min hartuta dabil, eta Eddy Perez Santanderrera joan da bizitzera, Azpiru taldean jarraitzerik ez zeukala ikusita. Gainontzeko lasterkari gehienak, baina, Gorlan izango dira domekan, nahiz eta askok zapatuan ere beste lasterketa bat izango duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak