Gorengo maila eta maila eutsi, derbiko helburuak

Jasone Zabala 2009ko urtarrilaren 5a

Lehen itzuliko azken partidua jokatu dute Bergarak eta Antzuolak zapatuan. Lehenak sailkapeneko goiko aldean daude eta bigarrenak, zuloan


Zapatuan derbia izango da Agorrosingo futbol zelaian; lehen itzuliko azken partidua izango da. Etxekoak, sailkapenean sendo  daude lehen postuan azken bost partiduak irabazita (36 puntu) eta antzuolarrak, berriz, sailkapeneko beheko aldean azken hiru partidutan hiru berdinketa lortuta (13 puntu).
Derbiak baina beti izaten dira desberdinak; hala ere, esan beharrekoa da Manu Diazek entrenatzen duen taldea sasoi puntu ezin hobean dagoela txapelketako garai honetan. "Taldea ondo dago; Bergarako Udaberriko txapelketan ere gorengo mailako Mondra taldeari irabazi genion. Lesionatuta egon diren jokalariak errekuperatu ditugu eta hori igarri du taldeak, baita aldageletan dagoen giro bikaina. Antzuola behe aldean egon arren, partidu zaila izango da; dena den, gure taldea indartsuagoa dela uste dut, baina partiduak jokatu egin behar dira eta derbiak beti izaten dira desberdinak". Diazek gehitu du, orain daramaten puntu abantaila– bigarren doan Zestoari 9 puntu ateratzen dizkiote– martxora arte mantentzen badute, faboritoak izan daitezkeela datorren urtean gorengo mailan jokatzeko.

Beldurrik ez baina errespetua

Antzuola taldearen egoera, berriz, guztiz bestelakoa da. Igor Larrea eta Iban Unanuek zuzentzen duten taldea beheko zuloan dago sartuta, baina taldea ondo ikusten du Larreak: "Azken hiru partiduak talde indartsuen aurka jokatu ditugu eta hiru berdinketa atera ditugu. Zapatuko derbia, desberdina izango da. Bergara oso ondo jokatzen ari da eta horregatik dago lehen postuan, baina beldurrik gabe eta errespetu osoz saiatuko gara zerbait positiboa eramaten Agorrosinetik, maila mantentzeko helburuarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak