Goizeko lanbroak ez zuen eragotzi San Martzial jaia behar bezala ospatzea

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko uztailaren 7a

Aurten ere herriko koadrilez bete da Bergarako San Martzial. Udalbatzako kideek idien atzetik egin zuten igoera, oinez, beste herritar batzuekin batera.

Meza ordurako iritsi ziren, baina Juan Kruz Mendizabal apaizak lagun asko zituen agurtzeko eta berandu jantzi zuen sotana. Eguraldi tristea zegoen, lanbro apur bat ere bai. Lurra bustia eta labaina zegoen ondorioz, eta oso erraza zen labaintzea. Sokadantzan parte hartu zutenek jausteko beldurra ere izango zuten, agian, baina ederki egin zuten; mutil bat lurrera erori zen arren eta zinegotzi bat larri ibili. Lasai, kantina ondoan kantuan egin zutenak ibili ziren, eta kantinakoak edariak atera eta atera. Aurten edalontzi berrerabilgarrietan atera dituzte edariak eta lurra ez zegoen beste urtetan bezain zikina, ezta antzik ere. Gaur goizean ere nabarituko da hori, seguru.

Bazkal ordurako ez zen lanbrorik eta jendeak gustura bazkaldu zuen. Amaia Alberdiren koadrilak, esaterako, Azpeitxi jatetxetik eraman zuen bazkaria: paella eta kroketak. Arratsaldean erromeria egon zen ermita aurrean, eta jendeak dantza egin zuen. Umeek, egun guztia pasa zuten uretako pistolekin, aspertu barik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak