Goiko Estazioko entsegu lokala maiatzean egongo da erabilgarri

Txomin Madina Milikua 2009ko apirilaren 24a

Zenbait hilabetetako lanen ostean, ia dena prest dago Bergarako Goiko Estazioko entsegu lokal eraberrituak erabiltzen hasteko. Herriko musika talde eta bakarlariei egongo da irekita, baina erabili gura dutenek, Goiko Rock Bergarako musika taldeen elkartean sartu beharko dute.

Bukatzear daude herriko musika taldeek entseatzeko erabiltzen duten eraikinaren  eraberritze lanak; asmoa da maiatzerako erabilgarri egotea. 185 metro koadro erabilgarri izango dituzte musika taldeek aurrerantzean, bi solairutan banatuta. Lehengo zazpi lokaletatik, zortzi izatera pasako dira: txikienak 12 metro koadro t'erdi izango ditu, handienak 18. Bi komun ere egin dituzte, eta lanen aurrekontua 28.0000 euro inguruko izan da. Lokalak gainera, izango duten erabilerarako gainera egokituta egongo dira. 

Lokal eraberritu hauek erabiltzeko, taldekideen %50a gutxienez Bergarakoa izan beharko da, eta Bergarako musika taldeek sortu duten Goiko Rock elkarteko kide izan beharko dira erabiltzaileak. Udalak elkarte horrekin hitzartuko duen barne funtzionamendu arauak errespetatuz. 

Gaur egun 23 musika talde biltzen ditu Goiko Rock elkarteak, eta helburua da, herriko musikagileen nolabaiteko kontrola eramatea. Elkarteko kide egiteko, udaletxera bertara joateko edo beste musika taldeekin harremanetan jartzeko esan dute Goiko Rockekoak.  Asmoa da maiatzerako lokalak erabilgarri egotea, eta inauguratzeko, kontzertuak antolatzeko aukera aztertzen dabiltzala esan digute arduradunek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak