Goiko estazioa eraberritzen hasiko dira datorren hilabetean

Argindarraren instalazio berria, komunak eta areto bat gehiago egingo dituzte. Erabiltzaileek kuota bat eta argia ordaindu eta garbiketa lanak egingo dituzte.

Goiko estazioa eraberritu egingo dute. Lanak adjudikatuta daude dagoeneko eta Udalaren asmoa da azaroan hastea eraikina konpontzen. Lanak egin ondoren ere, egungo erabilera bera izango du goiko estazioak: herriko musika taldeen entsegu tokia izango da.

Areto bat gehiago
Datorren hilabetean, azaroan, hasiko dituzte lanak eta lau bat  hilabete iraungo dute. "Argindarraren instalazioa, adibidez, berria jarriko dute. Eraikineko paretak intsonorizatu egingo dituzte eta komunak ere egongo dira gero", azaldu du Nagore Narbaizak, Udaleko Hezkuntza teknikariak.
Horrez gain, areto kopurua ere handitu egingo dute. "Egun zazpi lokal edo entsegu areto daude eraikin horretan eta gero, obrak bukatu ondoren, zortzi egongo dira. Tokia badago horretarako eta espazioa ere irabaziko dugu gero", dio Nagore Narbaizak. Lan horiek guztiek 257.000 euroko aurrekontua dute eta Artzamendi eraikuntza enpresak egingo ditu.

Arautegia prestatzen
Bestalde, goiko estazio eraberrituaren arautegia ere prestatzen ari da Udala. Eraikina nortzuk erabiliko duten, nola eta erabiltzaileen betebeharrak jasoko ditu, besteak beste, arautegi horrek. "Adibidez, eraikina bera eta ingurua garbi mantentzeaz arduratu beharko dira erabiltzaileak. Argindarra ere eurak ordaindu beharko dute, orain arte bezala, eta baita kuota txiki bat ere, sinbolikoa, lokalaren erabilpenagatik", dio Narbaizak.. Hiru horiek, dira, labur esanda, erabiltzaileek aurrerantzean izan beharko dituzten betebeharrak. Udala, bestalde, "eraikina egoera onean mantentzeaz arduratuko da", zehaztu du Hezkuntzako Udal teknikariak. Egun, Bergarako 21 musika taldek erabiltzen dute goiko estazioa. Herrian talde gehiago ere badaudela uste du Udalak eta horregatik, urtean urteko erabiltzaileak hautatuko dituzte. "Talde hasiberri askok garajeetan edo kaleko beste lokal batzuetan entseatzen dute eta asmoa da guztiei aukera ematea goiko estazioa erabiltzeko. Horretarako, Udalak deialdia egingo du goiko estazioa erabiltzeko interesa izan dezaketen taldeek izena emateko. Talde askok ematen badute, zozketa bidez erabaki beharko dira erabiltzaileak zeintzuk izango diren erabakitzeko", aurreratu du Nagore Narbaizak.

Erabiltzaileak, pozik
Lord Witch taldeko Eugeniko Pelikanoren esanetan, goiko estazioko erabiltzaileak ere pozik daude egingo dituzten obrekin. "Ba zen garaia. Obren planoak ikusi ditugu eta Udaleko arkitektoarekin batera aztertu ditugu. Guk egindako proposamen batzuk ere onartu dituzte, paretak intsonorizatzea, adibidez, eta pozik gaude", dio Pelikanok. "Behar bezalako zortzi areto izango ditugu gero erabiltzeko, eta ondo dago hori. Goiko pisura gauzak igotzeko karga-jasogailua ez dute orain jarriko, baina tira", jarraitu du.

Obrak hasiko dituztela aurrez jakingo dute goiko estazioan entseatzen duten taldeek eta 15 eguneko epea izango dute eraikina husteko. Lanak irauten duten bitartean, baina, gazteek ez dute lokal barik egon nahi eta Udala behin-behineko irtenbide bat bilatzen ari da. "Eskuartean ditugun aukerak, lokalak, aztertzen ari gara orain", dio Hezkuntzako Udal teknikariak.

Goiko Rock elkartea sortuko dute
Goiko estazio eraberrituarekin batera, Goiko Rock izeneko elkartea sortuko dute eta elkarte hori arduratuko da eraikina kudeatzeaz. Eugenio Pelikano izango da elkarte horretako lehendakaria eta beste bost kide gehiagok osatuko dute Goiko Rock. Elkarte horrek talde guztien ordezkari moduan egingo du lana, Udalarekin izango dituzten harremanetan, adibidez, eta bera arduratuko da, hain zuzen ere, taldeen entseguak antolatzeaz eta erabiltzaileen betebeharrak gauzatzeaz; goiko estazioaren eguneroko funtzionamenduaz, alegia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.