"Goienako bazkide eta kolaboratzaileen lana aitortu eta eskertu gura dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko urr. 22a, 15:13
Ekainaren 27an bete zituen ofizialki Goienak 10 urte, baina hiru aste barru ospatuko du kolaboratzaile, bazkide eta laguntzaileekin, Amaia antzokian, Arrasaten. Horrekin batera, Goienaren irudi berria aurkeztuko du Goienak, eta etorkizunerako asmo berriak azaldu. "Ziklo 08 berri bati hasiera emateko", Estepan Plazaola (Arrasate, 1961) lehendakariak dioen moduan.

10 urte bete berri ditu Goienak aurten eta hori ospatzeko ekitaldia egingo duzue, ezta?

Bai, azaroaren 11n izango da, Arrasateko Amaia antzokian. Ekitaldia izango da modu bat aitortzeko urte hauetan guztietan Goienaren kolaboratzaile izan direnen lana, eta haiekin batera ospatzeko: herritar, merkatari, udal, elkarte, talde, bestelako erakunde publiko... Bestalde, hurrengo epealdirako, indarberrituta eta irudi berrituta irteteko. Esker on ekitaldi bat da berez, baina hurrengo urteotarako asmo berriak ere ezagutzera emango ditugu.

Goienako hedabideak berrituta etorriko zaizkigu, hortaz?

Bai, eduki zein irudi aldetik eraberrituta etorriko zaigu Goiena. Irudi korporatiboa aldatzeaz gain, aldaketak egingo ditugu hedabide guztietan. Horrekin, ziklo berri baten hasiera islatu gurako genuke.

Zein izan da Goienaren ekarpen nagusia Debagoienarendako?

Era askotakoak izan dira ekarpenak. Edozein komunikazio talderen ekarpen nagusia komunikatzea da eta, gure kasuan, euskaraz komunikatzea herritarrei. Informazioa, iritzia, aisialdia, zerbitzu informazioa, entretenimendua... hori guztia euskaraz. Bailarako euskarazko hedabide gisa beste helburu batzuk ere bete ditu Goienak: besteak beste, kultura eragile izatea. Aintzat hartzekoa da, esaterako, Kantariren ekarpena: ehunka umek euskaraz kantatzen eta dantzan jartzea; edo Danbaka bera, eskualdeko musika taldeendako plataforma bikaina. Era berean, hedabideez aparteko beste arlo batzuetan ere hizkuntza normalizatzeko eragile izan da.Esaterako, hasieran, zenbait dendarik publizitatea euskaraz egitea maila sinbolikoan bai- no ez zuten ikusten, laguntza gisa. Denborarekin erakutsi dugu euskarazko gure hedabideei aitortzen zaiela berez duten funtzioa: publizitaterako bide eraginkorra izatea.

Bailara kohesionatzeko ere balio izan du, ala?

Nik uste dut baietz. Gaur herrietatik aparte, bailarak berak badauka funtzio bat eta horretan Goienak lagundu du. Goiena bera ere bada erreferente gure eskualdetik kanpo eta horrek eman dio izena kanpoan bailarari.

Ze nabarmenduko zenuke, bereziki, hamar urte hauetatik?

Batetik, azkeneko urteotako hedabideen uholdea. Lehen zortzi telebista kate bazeuden, orain kableari, sateliteari edo Lurreko Telebista Digitalari esker, ehun- ka dira; Internet erabat zabaldu eta erreferentziazko bihurtu da... Horrek hedabide txikioi zailtasunak sortu dizkigu, askoz ere gehia- gorekin lehiatu beharra, eta ekarri du zenbait tokitan hedabide txikiak bertan behera geratu izana. Guk, denok batu izanagatik edo bazkide, kolaboratzaile eta erakunde publikoak gertuan izan ditugulako, zailtasunei aurre egin ahal izan diegu.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira Goienaren erronkak?

Apustuak nagusiki hiru arlotan ikusten ditut: batetik, partaidetza, elkarlana, zabaltzea beste arlo batzuetara eta egituratzea gehiago, esate baterako, Goiena Klubaren inguruan: herritarrak gure bazkide edo laguntzaile bihurtzea eta haien parte-hartzea handitzea; bigarren: teknologia berriak. Egokitzeko eta puntaren puntan egoteko gaitasuna edukitzea beharrezkoa da; azkenik, bereziki nabarmenduko nuke gazteen alorra, hau da, gazteengana heltzea eta hauekin bat egitea. Gazteekin eta gazteendako. Kultura eta hizkuntza eragile izaten jarraitzea ere inportantea da. Paperak geroago eta eragin ahalmen txikiagoa eta irakurle gutxiago ditu... Prentsa izan da eta da gure euskarri nagusia, jende gehienarengana heltzen delako, eta zenbait urtean hala izango da, baina argi dago joera dela teknologia berriak gehiago erabiltzea, eta, horien artean, Internet. Goienak norabide hori hartu du, papera baztertu barik. Goiena.net-ek gorakada handia izan du azkeneko urteotan.

Eta GOITBk arrakastaz egin dio aurre digitalizazioari?

Esfortzu handia eskatu digu herri guztietara iristeko seinalea. Gainera, tokiko hedabideen artean, oraingoz, bakarrik geu gaude LTDean bailaran.

Goienaren beste helburu edo erronketako bat da egoitza bakarrean batzea, ezta?

Premiazkoa da. Gaurko heda- bideen funtzionamenduak eskatzen ditu erredakzio bakarrak, bateratuak, multimediak. Bestalde, gaur dauzkagun zenbait egoitzatan behin behineko egoeran gaude eta horrek gastu gehi- garriak eta gure lana egoki egiteko zailtasuna sortzen digu. Etorkizuna egonkortzeko egoitza baten inbertitzea estrategikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak