Goenatxo II.a Elosuko jaietako protagonista nagusia

Arritxu Barruso 2009ko eka. 14a, 21:18
Urtero moduan lan bikaina egin du 'Goenatxo II.'-ak Elosuko Otaba jaietako herri kiroletako proban eta beste behin erakutsi du harria jasotzen ez duela parekorik. Zapatukoa, gainera, erronka garrantzitsua zen 'Goenatxo'-rendako. 200 kiloko harria jaso behar zuen, baina, hori ez zen arazoa; erraz egin zuen bere lana. Omenaldi jaialdia zen zapatukoa eta protagonista edo omendua, berau.

Elosuarren harri-jasotzaile kuttunetako bat da Goenatxo eta horixe bera erakutsi nahi izan diote auzotarrek aurten. "Elosuarrok asko maite dugun pertsonaia da Goenatxo. Otaba jaietan urtero-urtero etorri izan da herri kiroletako probetara eta beti dago laguntzeko prest. Horregatik, geuk ere, Otaba jaiak aukeratu ditugu gure eskerrik onenak emateko", azaldu digu Ainhoa Beristain Elosuko auzo alkateak.

Omenaldia herri kirolekin hasi zuten; harri-jasotzaileak, aizkolariak eta ahari proba izan zituzten. Hunkigarria izan zen, gainera, Goenatxo III.-ak bere aitaren omenaldi jaialdian parte hartu izana eta harri-jasotzaile gazteak txalo zaparra jaso zuen ekinaldia bukatutakoan. Esaera zaharrak dioen moduan: holako egurra, halako ezpala.

Kirolak amaituta sabela betetzeko garaia iritsi zen. Herri bazkaria egin zuten Elosuko frontoian. Gau guztian zehar erretzen egondako txahala jan zuten. Momentu hunkigarriena bazkalostean etorri zen, auzotarrek bera irudikatzen duen eskultura bat eman zioten Goenatxori. Bazkalostea Narbaiza eta Gorrotxategi bertsolariek girotu zuten eta horien bertsoetan ere harri-jasotzaile elosuarra izan zen protagonista. Elosuarrek benetan festa borobila antolatu zuten auzoko harri-jasotzaileari eskerrak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak