Gipuzkoako Batzar Nagusiak Seminarioa trukatzearen alde

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko eka. 28a, 11:12
Bergarako Errege Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko trukea egin dezala eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari. Horrenbestez, Gipuzkoako batzarkideek bat egin dute apirilean Bergarako udalbatzak hartutako erabakiarekin. Donostian erabaki zuten eguenean. Araudirako, Erakundeetarako eta Gobernurako batzordean. EAJk eta Hamaikabatek aurka bozkatu zuten eta gainerako alderdiek alde: sozialistek, popularrek eta talde mistoko ordezkariek (Aralar, Alternatiba eta EB); zortzi boto alde eta sei kontra.

Permuta lehenbailehen

Hauxe da erabaki zutena: batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea Errege Mintegiaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko permutaren aldeko erabakia har dezala 2010eko iraila baino lehen. Esan behar da, UNED-Bergara Patronatuak apirilean onartu zuela permutaren gaineko erabakia atzeratzea datorren urteko irailera arte, Foru Aldundiaren eskariz.

Eguenean erabaki zuten bigarren puntua da  Aldundiari eskatzea, bi eraikinen arteko trukearen ondorioz egin beharreko "inbertsioen planifikazioa aurkez diezaiola" UNED-Bergara Patronatuari bere adostasunerako, aurtengo iraila baino lehen, "permuta lehenbailehen" gauza dadin.

Beste hirugarren puntu bat ere onartu zuten: "Aranzadi ikastolaren egokitzapen lanak egiteko erabili behar zen diru partida, erabil dadila Arrizuriaga jauregia egokitzeko".

EAJ: "ez dago presarik"

Aintzane Oiarbide EAJko batzarkideak erabakiaren aurka bozkatu zuen. Haren ustez, ez dago presarik trukearen gaineko erabakia aurreratzeko. Izan ere, "Aranzadi ikastolari Patronatuak egin baitio behar dituen lokalen lagapena eta, beste alde batetik, UNEDek datorren ikastaroa kondizio onetan hasteko lanei ekin zaie, horretarako 1,5 milioi euro bideratuz".

Hirugarren puntuaren gainean, ostera, zera dio: "ez dakit nork eta nondik atera duen hau. Izan ere, ez baitago inongo baliabiderik aurreikusia egokitzapen hau egiteko".

Erabakia "errespeta dezala"

Bergarako alkate Agurne Barrusok pozik hartu du erabakia, "baieztatzen delako" bi eraikinon trukea "ona dela", bai Bergarako herriarendako eta baita Bergarako UNEDendako ere. Eta, bestalde, mezu bat bidali nahi izan die Foru Aldundiari eta Bergarako EAJri: bi erakundek hartutako "erabakia errespeta" dezatela.

Egoera ekonomikoa

Bergarako Udal Gobernuak eta oposizioko EA eta PSE-EEk permutaren alde daude. Baina EAJ erabat kontra agertu da.

Foru Aldundiak ere ez du erabakia garbi ikusten. Bi arrazoirengatik: batetik, etorkizunean Eusko Jaurlaritzak UNED-Bergara Patronatuan izan dezakeen balizko parte hartzea argitu barik dagoelako eta, bestetik, bizi dugun egoera ekonomikoak "ez duelako Arrizuriaga jauregiak behar dituen inbertsioak" egiteko aukerarik ematen.

Permuta "ezinbestekoa"

Bergarako Udalarendako, ostera, permuta "ezinbestekoa" da eta oso garrantzitsua lehenbailehen erabaki bat hartzea, datorren agintaldira arte "itxoin barik". Batik bat, trukeak UNEDen "etorkizuna ziurtatzen" duelako eta bi eraikinen arteko trukea orain hartzeak ez duelako "onartu ezin diren gasturik ekartzen".

Bergarako Udal gobernuak Errege Seminarioan kokatu nahiko lituzke Udal liburutegia eta Errege Mintegiko museoa, besteak beste. Bergarako EAJk, berriz, Arrizuriagarako Udal liburutegia eta kultura taldeendako lokalak nahiko lituzke eta UNED dagoen tokian utzi, Seminarioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak