Ipintzako txapelketa maiatzaren 21ean hasi zuten. Ordutik, astero jokatu dira partiduak; partidu denak Ipintzako zelaian jokatu dira, mutilen finala izan ezik. Hura, egubakoitzean, Agorrosin futbol zelaian jokatu zen.
A Ze Flaxa eta Getokuak taldeek jokatu zuten finala. Partidua nahiko berdindua izan zen lehenengo minutuetan; gero, minutuak aurrera pasa ahala, A Ze Flaxa taldekoek euren nagusitasuna erakutsi zuten. Hala, atsedena gainean zela, bi gol egin zituzten, bost minututan.
Markagailuan aurretik jarri eta partidua euren alde jartzea lortu zuten A Ze Flaxako mutilek. Baina, atsedenaren ondoren, Getokuak indartsu atera ziren Agorrosineko zelaira. Lehenengo gola penaltiz egin zuen Ibai Gonzalezek. Bigarrena, Alejok sartu zuen. Hala, partidua berdintzea lortu zuten Getokuak taldeko mutilek.
Bi finalak, penaltietan
Egubakoitzeko finala, beraz, penaltietan erabaki zen. Agorrosinen batutakoen laguntzarekin, Getokuak taldeko atezain Markelek, bi geldiketa egin zituen. Hala, 6-5 irabazi zuen Getokuak.
Nesken finala ere, penaltietan erabaki zen. Eguenean Ipintzako zelaian jokatutako lehian, Zeribarren eta Ostruka taldeek bana berdindu zuten; penaltietan, Zeribarren nagusitu zen 6-5.
Sari banaketa agorrosinen
Egubakoitzeko partiduaren ondoren eman zituzten aurtengo txapelketako sariak. Nesketan infantil mailan, Lagunak izan zen txapelduna eta Botobekutz bigarena. Beteranoen mailan, Errotagain gailendu da aurten, Ugarrixaren aurka. Kopa txapelketan, berriz, Eskaliburrek 8-1 irabazi zion The Purple taldeari.
Bestalde, nagusien mailan, Gorka Martinezek (Getokuak) jokalari onenaren saria irabazi zuen eta J.L. Etxanizek (A Ze Flaxa) golegile onenaren saria. Nesketan, berriz, Alanak (Bersora) irabazi zuen jokalari onenaren saria. Gainera, infantil mailako denentzat, opariak izan ziren Agorrosinen.