Caja Laboral Baskoniak zaletasuna piztu eta nabarmen hazi duela saskibaloirako grina begi bistakoa da. Hala ere, gaztetxo asko Realeko kamisetarekin ikusi genituen saskibaloi jardunaldian. "Realeko kamiseta daramat baina nire kirol gogokoena saskibaloia da. Baskoniaren partiduak ere jarraitu ditut eta saskibaloi jokalaria izan nahiko nuke", kontatu zigun baloia esku artean eta etengabe saskiratzeak egiten ari zen gaztetxo bergararrak. Futbolaz gain beste kirola bat ere badagoela konturatu direnak asko dira, eta saskibaloiak hartu duen indarra nabarmendu digu Marian Mellado Bergara Saskibaloi taldeko Juntako kideak. "Datorren urtean lehen adiz, saskibaloi eskola jarriko dugu martxan. Aurten, 110 gaztetxo izan ditugu eta gehiago batzea da gure asmoa".
Saskibaloi astea
Bihar, Zabalotegi aretoan, saskibaloiaren inguruko filma eskainiko dute, 19:00etan. Sarrera doakoa da. Hilaren 24an, berriz, mahai ingurua izango da. Gonbidatu sorpresa bat ere etorriko dela iragarri dute. Tartean Pablo Laso ere izango da, 19:00etan Miguel Altunan. Barikuan, berriz, disko gaua eta txozna jarriko dute San Martin plazan. Aste bukaeran, berriz, 3x3 txapelketak jokatuko dituzte. Zapatuan, senior eta juniorren txanda izango da 16:00etan hasita. Domekan, berriz, alebin, benjamin, kadete eta infatilen txanda. Informazio gehiago duzue www.bergarake.com webgunean. Bertan gainera, izena ere eman dezakete txapelketan parte hartu gura duten gaztetxoek.
Kalean egingo dute saskibaloi jaia eta gonbidapena herritar guztiei egin nahi dietela nabarmendu gura izan dute.